Estazioko auzoaren egoera: gabeziak eta hutsuneak

Baleike 2019ko api. 2a, 08:56

2017an sortu zuten Estazalde, Estazioko auzoan bizi diren herritarren elkartea. Ordutik, elkartearen zereginetako bat izan da auzokideen beharrak ezagutu, eta horien eskariak jaso eta Udalari aurkeztea. “Bada ordua gure auzoa hobetzeko, eta horretarako Udalaren konpromisoa nahi dugu”, aldarrikatu dute elkarteko kideek.

Estazioko auzoa herriaren sarreretako batean aurkitzen da, eta trenez etortzen diren bisitariei ongietorria ere ematen die. “Hau al da gure herria ezagutzera etortzen direnek jaso behar duten lehen irudia?”, galdetu dute. Turista edo bisitariez haratago, bertan bizi direnentzako, eta trena edo autobusa hartzen duten herritarrentzako, irisgarritasun falta handia dago; baita arriskutsuak diren guneak ere.

Otsailean egindako ezohiko plenoan, eta PSE-EEk egindako eskaera bati so eginez, 15.000 euroko partida sortu zen Udal aurrekontuetan Estazioko gabeziei erantzuna emateko. Pleno hartan betan, Estazioko bizilagunek hitza hartu zuten eta auzoarentzat irtenbideak ematea eskatu zuten. 

Inma Eizagirre, Miguel Jimenez eta Joseba Esnal elkarteko kideekin auzoan dituzten arazoak eta beharrak ezagutu ditugu. Horretarako, ibilaldi txiki bat egin dugu.

1.- Oinezkoen ibilbidea

Estazioko kale nagusian, herriaren erdigunerako bidean, oinezkoentzako zebra bideak jarri dituzte, baina auzotarren iritziz, horiek markatzen duten ibilbidea ez du ia inork jarraitzen. “Pertsona bat trenetik ateratzen da eta erdigunerantz joan nahi badu, zuzeneko bidea hartzen du, eta bide horretako zati batean ez dago espaloirik”, esan dute. Horretaz gain, errepide horretan trafiko bolumen handia egoten dela ere nabarmendu dute. “Autobusak, industriagunera joaten diren autoak eta kamioiak… trafiko handia dago, eta gainera, abiadura handiarekin pasatzen dira ibilgailu asko. Beraz, horri konponbide bat eman behar zaiola iruditzen zaigu”.

2.- Irisgarritasun eza

Estazio kalean, Txepetxa elkartera joateko, adibidez, aldapa handia dago eta ume kotxearekin, edo gurpildun aulkiarekin jaisteko edo igotzeko oso zaila da. “Espaloirik ere ez dago aldapa horretan, eta bertan aurkitzen den estolda irristagarria da”, aipatu dute. Auzotarren eskaria ere bada hor bertan baranda bat jartzea. “Helduleku bat garrantzitsua da jartzea, eta Udala prest agertu da”.

3.- Parkea eta haurrentzako eremua

Txepetxaren atzean eta saihesbideko tunelaren artean belargune handi bat dago, eta handik ibiltzen dira askotan bizilagunak. “Bidexkak auzotarrek egin ditugu, eta hori egokitzea eta bertan umeentzako parke bat jartzea gustatuko litzaiguke. Estazioko auzoan ez dago ez lorategi, ez parke, ez eta haurrentzako jolaslekurik ere”.

 

4.- Kanpineko erabiltzaileentzako egokitzapenak

Zumaiako kanpina Estazioko auzoaren ondoan aurkitzen da, eta bertako erabiltzaile askok Basustagaineko bidexkak erabiltzen dituzte herrira azkarrago iristeko. Handik, Estazio kaleko tuneletik igarotzen dira. “Bidexkak ez daude ongi zainduta, belarrak tapatzen ditu bideak eta askotan gu geuk garbitzen eta txukuntzen ditugu. Tunela, berriz, zikina egoten da; zaborra bertan uzten du jendeak. Horretaz gain, erortzen ari da, eta arriskutsua da edonorentzat”.

5.- Basusta bideko tren zubia

70eko hamarkadan Egurko lantegiak eraikitako zubia da, eta auzotarren iritziz irisgarritasun printzipioak ez ditu ongi betetzen. Alde bietan daude espaloiak, baina oso estuak dira, eta gainera horietako batean zaborrontzien oztopoa dute. Zubi beraren egoera ere ez da onena. Kontatu dutenez, duela zazpi bat urte zati handi bat erori zen, eta duela hilabete inguru zati txiki batzuk ere erori ziren. Horretaz gain, itogin esanguratsu bat ere badu. “Euri pixka bat egiten badu, datozen egunetan ere jarraitzen du ura erortzen”.

Zubiaren aldamenean, berriz, garai bateko tunela dago. “Zubia egin aurretik Basusta bidean bizi ginenok handik pasatzen ginen. Orain, tunel hori zaborrez beteta dago, eta lurraren maila asko igo da”.

6.- Torreaga ingurua

“Hogei urte baino gehiago dira auzoarentzako hirigintza plan bat eskatzen ari garela, eta orain Torreagan eraikiko diren etxebizitzekin gauzatuko dela dirudi, baina proiektua egiten denbora asko pasatzeko beldur gara”, aipatu dute. Bitartean, inguru hori utzita dagoela eta arriskutsua dela nabarmendu dute. “Jende asko ibiltzen da inguru honetan, eta Urpe zenaren lantegian ere sartzen dira”.

7.- Trafikoaren aldaketa

Estazalde elkartearen proposamenetako bat da industriagunera zuzenean sartzeko itsas kiroldegiko biribilgunetik irteera/sarrera berri bat egitea. “Garai batean Torreaga aurretik bazegoen sarbidea, eta horrek trafiko asko murrizten zuen. Saihesbidea egin zenean kendu egin zuten, eta berriz jartzea egokia dela iruditzen zaigu”, aipatu dute.

Entzungor

Auzotarren iritziz, utzikeria da auzoak hainbat urtetan jasan duena. “Zaborra aurkitu daiteke edonon, trenaren goiko sarreran dagoen lorategian zuhaitzak hilda daude, komun publikorik ere ez dago… Urteetan entzun gaituzte alderdi politikoek, baina ez digute kasu handirik egin. Orain, gauza txiki batzuk egitea lortu dugu, baina guretzat partxe modukoak dira. Hirigintza plan integral bat behar du auzoak, eta ezin dugu Torreagako etxebizitzen proiektuaren zain egon gauzak egiteko”, nabarmendu dute.

2019ko udal aurrekontuetan, PSE-EEren proposamenari esker, 15.000 euroko diru partida izatea lortu dute. “Ez da kopuru handia, baina behintzat zerbait bada”, adierazi dute.

Erlazionatuak