”Auzo bizi eta bizigarri bat nahi dugu”

Baleike 2018ko urr. 9a, 09:08

Zumaiako estazioko bizilagunek Estazalde elkartea sortu zuten duela urte bete. Elkartearen helburua da auzoaren egoera eta arazoak ikusaraztea, eta Udalaren aldetik urteetan jasan duten utzikeria salatzea.

“Estazioko auzoak urte asko daramatza konpontzen ez diren arazoekin. Ez da hobetzeko aktuaziorik egiten, eta orain arte erreklamazioak indibidualki egin dira”, kontatu du Alfonso Garciak, elkarteko lehendakariak.

Iazko uztailean, Udalak deituta, auzoko bizilagunekin bilera egin zen Brankan. “Jende dezente joan ginen, eta bakoitzak ikusten zituen arazoak azaldu zituen. Konturatu ginen aurkeztu ziren gaiak ez zirela herritar bakoitzaren sentsazioa edo iritzia, baizik eta auzo oso batenak. Horren ondoren, elkartea sortzea pentsatu genuen”, jarraitu du. Hala, iazko udan Estazalde elkartea sortu zuten. “Gure helburua da auzokideen beharrak eta eskariak jaso, eta horiek Udalarekin partekatzea. Azken finean, bitartekaritza lana egitea”, gaineratu du.

Elkartea sortu ondoren, alkatearekin eta udal arkitektoarekin bildu ziren iazko irailean. “Lehentasunezko eskariak eta epe luzera konpondu beharrekoak zeintzuk ziren azaldu genizkien”, kontatu du. Elkarteko kideek bien bitartean auzotarrek erantzuteko galdetegi bat prestatu zuten. “Auzokoei ahotsa eman nahi genien, eta iritziak bildu. Urte honetako lehen seihilekoan jaso ditugu erantzunak, eta ondorio nagusi bat atera dugu: bizilagunen sentsazioak ez dira aldatu urtebetean. Arazoek hor jarraitzen dute, baina inork ez du ezer egiten”, esan du. Aurten, irail amaieran, beste bilera bat izan zuten alkatearekin eta udal arkitektoarekin, eta galdetegiaren emaitzak erakutsi zizkien.

Arazo nagusiak

Torreagaberrin egingo dituzten etxebizitzak direla-eta, gainerako auzoa kontutan hartzea da elkartearen proposamen nagusienetako bat. “Hirigintza proiektu hori aprobetxatuz, gu ez alboratzea nahi dugu, eta egunero ditugun arazoei irtenbide bat bilatzea: esaterako, trafiko bolumena jaistea, ibilgailuen irteera eta sarrera gune gehiago jartzea, oinezkoentzako pasabide egokiak egin eta irisgarrritasuna bermatzea, umeentzako parkeak eta aisialdi guneak egitea...”, kontatu du Puri Tena elkarteko kideak.

Auzoko saneamendua da ardura ematen dien beste kontuetako bat. Txepetxa elkartearen inguruan, adibidez, uholdeak maiz gertatzen dira. Egurko aldean, berriz, bisitarien presentziak areagotu egin ditu arazoak. “Gu ez gaude turismoaren aurka, baina bisitariak jaso behar baditugu, baliabide eta azpiegitura egokiak jarri behar zaizkie; komunak, besteak beste”, azpimarratu du Alfonso Garciak. “Zaborren sistemak ere ez die lagundu. Karabana asko egoten dira han, eta txartelik ezean, edukiontzi guztiak ezin izan dituzte zabaldu, beraz, dena nahastuta edukiontzi batera botatzen zituzten”, gaineratu du Amaia Garcia elkarteko kideak.

Borondate kontua

Estazioko etxebizitza askoen beste arazo bat da hirigintza ordenantzatik kanpo daudela. “Duela urte dezente auzo guztiko planifikazioa egin zen, eta bertan, uholdeen irtenbide gisa, auzoko zati bat botatzea jartzen zuen. Hori egiteko, auzotarrek kooperatiba bat sortu behar zuten, eta ondoren auzoa berreraiki. Baldintzak ez ziren onak, eta orduko bizilagunen gehiengoak ezezkoa eman zuen. Kontua da planifikazio hori bertan behera gelditu zela, eta urte hauetan guztietan Udalean egon diren alderdiek ez dute ezer egin”, esan du Amaia Garciak.

“Arazoak konpondu eta irtenbideak aurkitzeko borondatea ikusi nahi dugu”, esan dute elkarteko kideek. “Izango dira gutxienez 40 urte ez dela ezer egin gure auzoan, eta behingoz lehentasuna izan nahi dugu. Auzo bizi eta bizigarri bat nahi dugu”, nabarmendu dute.

Elkartearen hurrengo zereginetan sartzen da herriko alderdi politiko eta eragileekin elkartzea. “Gure beharrak azaldu nahi ditugu eta feedbacka izan. Harremanak sendotu nahi ditugu eta auzoan egin behar den edozein ekintzen berri izan”, esan dute.