M7 ONTZIRATU

1.440 sinadura lortu ditu Ontziratuk maiatzaren 7ko herri galdeketarako bidean

Baleike 2017ko mar. 4a, 22:40
Ontziratuk deituta gaur arratsaldean Kofradian egin den ekitaldiko une bat.

Maiatzaren 7an egingo dira eskualdeko hainbat herritan Gure Esku Dagok bultzatutako herri galdeketak. Horren harira, herri hauetan lortutako sinaduren berri eman da gaur Azkoitian egindako ekitaldi batean. Zumaiari dagokionez, 1.440 izan dira Ontziratu taldeak lortutako sinadurak.

3.153 sinadura Zarautzen, 615 Orion, 629 Getarian, 120 Aizarnazabalen, 610 Zestoan, 169 Errezilen, 1.955 Azkoitian eta 1.440 Zumaian. Horiek dira abendutik aurrera herri galdeketa egingo diren herrietan bildutako sinadurak. 

Ontziratuko kideek balorazio "ona" egiten dute. "Erroldaren % 10ak sinatzea nahi genuen galdeketak legitimitatea izan zezan. 16 urtetik gorakoen (adin honetatik aurrerakoek izango dute galdeketan bozkatzea) % 17,7ak sinatu du. Beraz, zentzu horretan balorazioa ona da", adierazi du taldeko ordezkari batek. 

Maiatzaren 7ko herri galdeketan 1.440ko kopuru hori bikoiztea edo hirukoiztea izango da helburua. "Arrakasta izango du parte-hartze handia badu", gaineratu du ordezkari honek. 

Bi hilabete hauetan zenbait ekitaldi egingo dira herrian, Ontziratuk antolatuta. Hala, martxoaren 18an kantujira bat egingo da 19:00etatik aurrera. Kalean egingo den ekitaldi honetan, zenbait kultur disziplinek hartuko dute parte. "Martxoaren 19an galdeketak egingo dira zenbait lekutan, Oarsoaldean edo Tolosaldean, besteak beste, eta haien indarra gurera ekarri nahi dugu". 

Beste ekitaldien berri datak hurreratu ahala emango dira.