Hilabete moreko egitarauaren aurkezpena egin dute herriko hainbat eragilek

Baleike 2017ko mar. 3a, 14:52

Gaur goizean herriko eragileek eta ikastetxeek datorren martxoaren 8ko, Emakume Langileen Nazioarteko eguneko, egitaraua aurkeztu dute. Hezkidetza eta berdintasuna oinarri hartuta, hainbat ekimen egingo dituzte asteazkenean. Horrez gain, hilabete morea deituriko hil honetan, ekitaldiak izango dira.

Asteazkenean, martxoaren 8an, ospatuko da Emakume Langileen Nazioarteko eguna, eta horren harira, herriko hainbat eragileek eta ikastetxeek ekintzak antolatu dituzte egun horretarako. Hain zuzen, goizean, 11:30ean, herriko ikastetxeek giza-katea osatuko dute Beheko plazan, eta arratsaldean berriz, elkarretaratzea izango da 20:00etan, Saregileen plazan. Egun horretarako etxeetan jartzeko bandera moreak egin dituzte, eta hauek udaletxean jaso ahalko dira. Udaleko Berdintasun teknikariak herritar guztien inplikazioa eta partaidetza lortu nahi du horrela.

Hain zuzen, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiakoekin bat eginik eta elkarrekin antolatutako ekintzak landu dituzte ikastetxeek egun hauetan. Eskola bakoitzak ekintza hauek ikasleen adinaren eta ezaugarrien arabera egokitu dituzte, baina guztiek, oinarrian, hezkidetzan eta berdintasunean eraikitako gizarte baten aldeko apustua egin nahi izan dute. Hori dela eta, egun hauetan, curriculumari lotuta bideoak ikusteko aukera izan dute, hausnarketa prozesuak burutu dituzte eta elkarrizketak eta eztabaidak antolatu dituzte.

Genero berdintasunaren garrantzia azpimarratu dute ikastetxeetako irakasle eta ikasleek. “Gizon eta emakumeok, etika eta giza eskubideetan oinarrituz, garrantzi eskubide eta betebehar bereko izaki berdinak gara” aipatu dute. Horrela, elkar errespetatzea, elkar aintzakotzat hartzea, elkar pareko ikustea eta besteengan eskubide eta betebehar bereko izakiak ikustea lehen ikasgaia dela nabarmendu dute.

Ildo honetatik, Berritzegunetik etorri den Edurne Iribarrek genero indarkeriaren prebentzioak konpromiso soziala eskatzen duela aipatu du. “Horretarako hezkuntzako, gizarteko eta politikako eragileek bide berean lan egin behar dugu” azpimarratu du.

Lehen aipatu bezala, martxoaren 8an giza-kate erraldoi bat osatuko dute ikastetxeetako gazteek. LH 5. mailatik gorako neska-mutilak izango dira parte hartuko dutenak, gainerakoek bakoitza bere eskolan egingo dute. Giza-kate nagusia beraz, Txomin Agirre kaian hasi, Amaiako plaza zeharkatu, Erribera kalean sartu eta Bonifazio Etxegarai kalearen parean lotuko da handik Beheko plazara iristeko. Han, bertsoekin eta adierazpena irakurriz amaituko da ekitaldia. Eguraldi txarra eginez gero, azken ekintza hauek udaletxeko pleno aretoan egingo dira.

Udalak bere aldetik, nazioartekoak eta herrikoak diren hainbat emakumeren biografiak jarriko ditu datozen egunetan. Kristina Vicente zinegotziak kontatu duenez,  “hamaika bat emakume aukeratu dira, eta kartel batzuk egin ditugu beraien argazkia eta biografia txiki bat ipiniz. Kartel hauek tabernetan banatuko dira eta kaleko paneletan ere jarriko ditugu”.  Bidez batez, Zumaiako Berdintasun Foroak egiten duen lanari eskerrak eman nahi izan dizkio Vicentek, eta aurrerantzean ere Udalak talde honen aldeko apustua egiten jarraituko duela adierazi du. Horrez gain, foroan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi izan du zumaiar guztiei.

Amaitzeko, Berdintasun Foroko Tere Eizagirrek zaintza lanen inguruko diagnostikoa nabarmendu nahi izan du. Azterketa honen emaitzak martxoaren 14an egingo den hitzaldian argitaratuko dira, baina hainbat ondorio aurreratu ditu. Izan ere, eta azterketa honek baieztatzen duenez, zaintza lanak oso feminizatuak eta prekarioak dira. Asko eta asko ordaindu gabeak eta bereziki emakume etorkinek egiten dituzte. Gainera, lan prekarioa izateaz gain, gutxi eta gaizki baloratua dago.

Martxoaren 8a hilabete honetako egunik esanguratsuena den arren, hilabete morean hainbat ekitaldi izango dira. Jarraian duzue egitaraua:

-Martxoak 7, asteartea:

18:30ean, Oxford aretoan: “Zumaiako emakumeak kirolean” bideoaren aurkezpena. Dinamizatzailea: Ainhoa Azurmendi.

-Martxoak 8, asteazkena:

11:30ean, Zumaiako ikastetxeekin jende-katea. Beheko plazan bukatuko da, bertsoekin eta adierazpena irakurriz.

20:00etan, elkarretaratzea, Saregileen plazan.

-Martxoak 9, osteguna:

22:00etan, KOADERNOA ZURI antzerkia, Aita Marin, Hika teatroa.

-Martxoak 14, asteartea:

18:30ean, Oxford aretoan, zaintza diagnostikoaren aurkezpena. “Nola zaintzen da Zumaian?”.

-Martxoak 21, asteartea:

18:30ean, Mujeres inmigrantes y resistencias bideoaren aurkezpena, Malen Etxeak zuzenduta (azpitituluak euskaraz).

-Martxoak 23 eta 30, osteguna:

22:00etan, Aita Mari zineman: ZINEGOAK zikloa.

-Martxoak 25, larunbata:

18:00etan, ALU ALU antzerki foroa, Zumaiako Gaztegunean. Arremanitz elkarteak dinamizatuta.

Erlazionatuak