Munduko txapeldun izateko aukerekin iritsi da Uranga Nazareko probara

Baleike 2016ko urr. 3a, 13:01
Itacoatiarako garaipenari esker sailkapeneko goialdean dago Alex Uranga. Argazkia: Gabriel Heusi

Gaur hasi eta urriaren 11ra arte jokatuko da Portugalen Nazareko proba, aurtengo Munduko Zirkuituko azken aurrekoa. Boskote batek du zirkuitua irabazteko aukera, eta horietako bat da Alex Uranga.

Denboraldiko une erabakigarrira iritsi da Munduko Bodyboard Zirkuitua. Hawaiin, Tahitin, Brasilen, Txilen eta Portugalen sei proba jokatu dira dagoeneko eta azken biak baino ez dira falta: aste honetan Nazaren (Portugal) jokatuko dena, eta hilaren amaieran Kanariar Uharteetakoa, biak maila gorenekoak. Eta une honetara iritsita, txapelketa irabazteko aukerak dauzka Alex Urangak.

Urteko sailkapen nagusian laugarren postuan dago gaur egun zumaiarra, Iain Campbell, Amaury Laverhne, Pierre Louis Costesen atzetik, eta Jeff Hubbarden aurretik. Boskote honetatik aterako da aurtengo txapelduna. Iain Campbell hegoafrikarra da momentu honetan gainditu beharreko aurkaria. Arica (Txile) eta Vianako (Portugal) probak irabazi ditu, eta sasoi betean dago. Maniobra ikusgarriak egiteko kapaz da eta, gainera, lehiatzeko sena baduela erakutsi du; olatu egokiak aukeratzeko trebetasuna eta patxada ditu.

Baina hegoafrikarrari lanak zailtzeko asmoa izango du atzetik segika daukan laukoteak: Laverhnek, Costesek eta Hubbardek badakite zer den munduko txapeldun izatea; eta Urangak aurten bertan Itacoatiaran (Brasil) erakutsi du horiek guztiak gainditzeko gauza dela. Gainera, Nazareko olatua egokia da oso zumaiarrarentzat. Olatu handia da, bortitza, eta baldintza horietan ezin hobeto moldatzen da.

Sailkapen nagusia:

1. Iain Campbell (17.760 puntu)
2. Amaury Lavernhe (16.800 puntu)
3. Pierre-Louis Costes (16.800 puntu)
4. Alex Uranga (15.680 puntu)
5. Jeff Hubbard (15.600 puntu)