Euskal Zirkuituko hirugarren proba irabazi du Alex Odriozolak

Baleike 2016ko urr. 3a, 13:05

Euskal Bodyboard Zirkuituko hirugarren proba jokatu zuten igandean Itzurunen, eta herriko riderrak izan ziren nagusi. Alex Odriozola jaun eta jabe izan zen kanporaketa guztietan, puntuazio oso altuak lortu zituen txapelketa osoan, eta Zirkuituko hirugarren garaipena eskuratu zuen Itzurunen. Orain arte jokatutako proba guztiak irabazi ditu, eta poltsikoan du sailkapen nagusia, Iñigo Gainzarain eta Aritz Larrinaga aurkari zuzenenak ez baitziren finalerako sailkatu.

Baina Odriozola ez zen izan maila bikaina erakutsi zuen zumaiar bakarra, finaleko laurak zumaiarrak baitziren: Andoni Izaga izan zen bigarren, Jon Lopez hirugarren eta Beñat Yeregi laugarren.

Herriko txapelketa

Datorren asteburuan jokatuko da Zumaiako Surf eta Bodyboard Txapelketa, Itzurunen. Spot dendan eman behar da izena eta, parte hartzaile kopuruaren arabera erabakiko dute txapelketa osoa larunbatean egin edo igandera ere zabaldu.