TTIP akordioa: sekretupean adosten ari diren estatu kolpea ote?

Baleike 2015ko urr. 7a, 06:00

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako Zumaiako kideek, beraien jarduera gizartera eramateko asmoarekin, lehen hitzaldi bat antolatu dute. Saioa gaur arratsaldean izango da, 19:00etan, Alondegian. Argia astekariko Unai Brea eta Berria egunkariko Ivan Santamaria kazetariak TTIP akordioaren inguruan arituko dira hizketan. Ingelerazko sigla hauen atzean, Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa terminoak daude. Akordio hau ia (edo ia gabe) sekretupean ari dira gaur egun adosten Europar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak.

«Antolatzen dugun lehen hitzaldi honetarako zergatik aukeratu dugun gai hau? Ba, jakin dugunagatik, Karta Sozialean jasotzen ziren gaien antitesia delako», azaldu du Pello Enparanek, Eskubide Sozialen Kartako kideak.  «Badirudi TTIP hau apropos eginda dagoela Karta horretan jasotzen diren aldarrikapenei aurka egiteko. Ikusi genuen komunikabideetan oihartzun txikia ari zela izaten, negoziazioak era ezkutu batean egiten ari direlako, eta bilera honekin kontzientziazioa pixka bat handitzea lortu nahi dugu».

Estatu Batuek dagoeneko badituzte hitzarmen komertzialak Ipar Ameriketako beste herrialdeekin eta aste honetan bertan akordio batera heldu dira Ozeano Pazifikoko estatuekin. Hurrengo pausoa itun hori Europar Batasunera luzatzea izango da. Sekretupean ari dira gauzatzen bi aldeen arteko negoziazioak eta Europar Parlamentuko legebiltzarkideek ere nahikoa lan dute negoziazioen berri jakiteko. «Legebiltzarkide batzuek izan dute gela txiki batean sartu eta zenbait orri irakurtzeko aukera, baina, diotenez, informazio murritza eskaini zaie eta beti ere zaintzapean egon dira». 

Baina, itun berri honek zuzenean eragingo al gaitu? Enparanek hala uste du eta oso kezkatuta agertzen da. Mundu mailako azken krisialdiaren ondoren jasandako murrizketak  datorkigunarekin alderatuta huskeria izango direla uste du. «Murrizketa haiek ber bi izango dira, ber hiru... ez naiz ausartzen zenbaki bat ematera. Estatu Batuetako eredu bat ezarri nahi digute, non dirua den jainkoa eta pribatizazioak bultzatzen diren. Ituna onartzen bada ez da egun batetik bestera aplikatuko, baina modu gradual batean bai eta mundu neoliberal horretara bultzatuko gaituzte modurik gordinenean. Hor dago gure kezka eta hori da pixka bat gizarteratu nahi duguna».  

Hitzarmen honek hainbat arlo arautuko ditu: zerbitzu publikoa, osasuna, lan harremana, ekonomia jasangarria, jabego intelektuala, enpleguen sorrera... «Beti ere Estatu Batuen legediaren arabera arautuko direlakoan gara. Badakigu Europan neoliberalismoak indarra duela, baina, arlo askotan, eskubide sozialetan, adibidez, Europan oraindik abantailak badaude Estatu Batuekiko alderatuta. Hemen halako homegeneizazio bat lortu nahi da, baina made in USA modukoa». 

Eskubideen urratzea

Hitzaldiaren antolatzaileak konbentzituta daude Europako herrien kontrakoa izango dela Brusela eta Washington negoziatzen ari diren akordioa. «Europan lortu diren hainbat eskubide urratuko direla ziur gaude. Gaur egungo terminoetan negoziatzen jarraitzen badute, nire ustez honek sekulako atzerapena ekarriko du. Batzuk estatu kolpea bezala ere definitu dute».

Negoziatzerakoan erabiltzen ari diren obskurantismoa medio, oraingoz Europa mailan erantzun handirik sumatzen ez duela dio, baina negoziazioak aurrera doazen heinean, protestak eta mobilizazioak handituko direlakoan da. «Oraingoz impasse batean gaude. Baina, ezin dugu zain egon ea zer gertatuko den, beraiek nahi duten lekura eramaten bagaituzte, erabat kaltegarria izango baita». 

Arratsaldeko hitzaldian TTIParen inguruko azalpen orokorrak emango dira. «Gero ikusiko dugu TTIP horrek dituen adar desberdinak nola landuko ditugun».