Arrauna

Neskek liga, mutilak play offera: asteburuko helburuak beteta

Baleike 2015ko abu. 24a, 10:21
Argazkia: Klausser

Asteburu bikaina izan da pasa berria Zumaiako Arraun Elkartearentzat. Lanak erdi eginda, amaitzea besterik ez zen falta, eta hutsik ez dute egin klubeko arraunlariek. Emakumezkoek Gipuzkoako liga irabazi zuten larunbatean; gizonezkoek, berriz, San Miguel Ligara igotzeko sailkatze estropadarako txartela ziurtatu zuten igandean.

Emakumezkoek nahikoa zuten estropada amaitzearekin Gipuzkoako liga irabazteko, Colindresen (Kantabria) jokatuko zen estropadaren faltan, zortzi puntuko aldea ateratzen baitzion bigarren postuan zegoen San Juani.

Elojupeko estropada izan zen larunbatean Colindresen jokatutakoa eta lehia estua izan bazen ere, San Juan azkarragoa izan zen estropada bi luzeetan. Berak irabazi zuen bandera 10:41:67 denborarekin. Zumaia izan zen bigarren (10:44:28) eta Hibaika hirugarren (10:44:56). Sailkapen orokorrean, Zumaia izan da lehena 81 punturekin, San Juan bigarren 74 punturekin eta Hibaika hirugarren 68rekin.

Behin bi ligak amaituta (Euskotren liga San Juanek irabazi du, Gipuzkoakoa Zumaiak), Kontxako estropada prestatzen hasiko dira orain. 

Abuztu ezinhobea

Gizonezkoetan, Bilboko Hiria banderaz gain, San Miguel Ligarako sailkatze estropadarako bigarren txartela zegoen jokoan, lehena Getariak eskuratuta baitzuen, KAE-1 ligako irabazle izanda. Zumaia eta Ondarroa, Ondarroa eta Zumaia. Bi klub hauen artean zegoen lehia. Zumaia lau puntuko aldearekin joan zen Bilbora eta bera zen bigarren txartela eskuratzeko faboritoa. Hala ere, erlojupeko estropada berdindua aurreikusten zen eta Bilboko ibaian izanda, hark dituen korronteekin, ezin lasaituta atera.

Abaila bizian atera ziren bigarren txandako sei ontziak eta ziabogako momentuan aldeak segundo gutxikoak ziren. Bigarren ziabogan Zumaiak egin zuen denbora onena eta bazirudien bandera irabazteko aukerak ere izango zituela. Hirugarrenean, baina, bi ontzi jarri zitzaizkion aurrean: erlupekotan beste inor baino hobeto moldatu den Donostiarra (denboraldian irabazi dituen hiru banderak erlojupeko estropadetan izan dira) eta Bilboko estropada eremua beste inork baino hobeto ezagutzen duen Deusto-Bilbao. Donostiarrak egin zuten amaieran denbora onena, Deusto-Bilbao izan zen bigarren eta Zumaiak hirugarren postu on bat lortu zuen. Ondarroa, play offerako aurkaria, seigarren izan zen.

Liga amaierako saikapenean Getaria izan da irabazlea, 147 punturekin. Zumaiak bigarren egin du 137rekin eta Ondarroak hirugarren 130ekin. Beraz, Getaria eta Zumaia izango dira TKE ligara igotzeko sailkatze estropadan. 

Handia izan da Zumaiak egindako denboraldia. Zorte txarra eta lesioak medio, abuztu hasieran zaila zuen play offera sartzea. Abuztuaren hasieran jokatu zen Getariako banderaren aurretik, Ondarroak bost puntuko aldea ateratzen zion Zumaiari. Ordutik, Ondarroa bertan izan zen estropada iskanbilatsuan izan ezik, Zumaia bizkaitarren aurretik izan da jardunaldi denetan eta azkenean zazpi puntuko aldea atera dio sailkapenean. 

Bigarren ontziak asteburuan amaituko du denboraldia

Azkenik, Zumaia Bk 12. egin zuen Colindresen larunbatean, eta 13. igandean Hondarribian, KAE 2 ligetako estropadetan. Hauentzat bukatu da ofizialki liga, nahiz eta igandean Erandion ariko diren, ligari akabera emateko estropadan. Harrobiko lana sustatzeko dabil uretan traineru hau, eta lan ederra egin dute horretan. Datorren urtean ikusiko ditugu Zumaia Bko arraunlari batzuk goiko taldean, eta horrek dauka sekulako balioa.