Arrauna

Patxi Frances: “Azken bi estropadak oso zailak izango dira baina hiltzeraino borroka egiten duen taldea daukagu”

Baleike 2015ko abu. 12a, 14:44

Bi estropada falta dira KAE 1 liga amaitzeko eta San Miguel Ligarako sailkatze estropadarako txartel bat dago jokoan. Une honetan Ondarroak puntu bat ateratzen dio Zumaiari. Telmo Deuneko entrenatzaile Patxi Francesekin egon gara, estropada hauez eta, oro har, arraun munduaz eta bere ibilbideari buruz hitz egiten.

Bigarren etapa duzu Zumaian. Arraunlaria izan zinen hemen eta azken bi urteotan entrenatzailea zara. Zer sentsazio dituzu?

Onak. Kluba nirekin harremanetan jarri zenean eta hona etorri nintzenean, garbi utzi zidaten zer zegoen. Mutil gazteak zeunden, TKE Ligatik jaitsitako taldea zen eta sakabanatzea izan zen. Zierbenan izan ezik, beti egin dudan lana egitera etorri nintzen: gazteekin lan egitera eta, egia esan, horrek eman dizkit poz handienak. Lehen denboraldi polita egin zen eta sailkatze estropadara heldu ginen. Oso gogorra izan zen. Oker ez banago, bigarren egunean, Bilbon, 19:33 denbora egin genuen. Zumaiak bere historia osoan eremu horretan egin duena denbora onena izan da. Ontzia ondo zebilen, baina Meira oso indartsu zegoen, Getaria ere bai, eta, gainera, urte horretan ontzi bakarra igotzen zen.

Denboraldia amaitu zen eta nik uste nuen, uzten duen bat edo beste izan ezik, beste guztiek jarraituko zutela, baina beste sakabanatze bat izan zen: zazpi arraunlarik utzi zuten kluba. Eskerrak iaz B ontzia atera genuen. Hango jendearekin eta dagoeneko arrauna utzita zuten jendearekin, kasu honetan, Bilabier anaiekin, osatu dugu trainerua, eta zailtasun handiekin B ontzia ere jarri dugu aurten uretan. Denboraldiaren hasieran pentsatzen genuen ohorezko tandaren hurbil ibiliko ginela. Balorazioa ona da, gustura nagoen klub batean nago eta ez naute presionatzen; eguneroko lana egundokoa da eta ezin dut gehiago eskatu.

Gustura zaudela diozu, baina denboraldi hasieran, sakabanatze hori izan zenean, uztekotan egon zinen. Zierbenan izandako esperientzia zenuen gogoan?

Halako zerbait. Zierbenakoa gaixotasun baten antzerakoa izan zen: sendatzen zara baina ondorioak uzten dizkizu. Are gehiago TKE Ligara igotzea eskatzen dizutenean, sailkatze estropada irabazita baldintza onetan igotzen zarenean eta hurrengo egunean kaleratzen zaituztenean. Hori hor geratzen da. TKEra igo nintzen lehen aldiaren oroitzapenak ere hor daude, Zierbenara heldu eta hiru urtera; zazpi mutilek utzi zuten kluba eta berriro hasi behar izan genuen. Eta iaz, azaroan, beti diodan bezala, hutsik geratzen zaren hilabetean, klub indartsuek, dirua dutenek, taldeak erraztasunekin osatzen dituztenean, zuk zain egon behar duzu ea zure mutilek zer egiten duten. Mutilak ez eramatea edo telefono deiekin ez gaiztotzea espero duzu, eta asko sufritzen da. Batarekin eta bestearekin hitz egin zuen eta utzi egiten zutela esan zidaten. Hasiera batean zazpi horiek baino gehiagok utzi behar zuten. Berriro hasten zara mamuak ikusten eta hor SOS dei bat luzatzen diozu zuzendaritzari, lagundu dezaten. Taldea mantendu behar zen. Guk ezin dugu dirua eskaini, ezin dugu TKE Liga agindu, baina goian dabilen KAE Ligako tripulazioa gara, historial garrantzitsua duena. Kanpotik begiratuta, Telmo Deun beti ikusi dut erreferente bezala. 

KAE ligan goian dagoen ontzia dela esan duzu. Zer da hobeto? TKEn atzeko postuetan ibiltzea edo KAEn goian aritzea?

Zalantzarik ez dut. Une hauetan, ikusita arrauna nola dagoen, goian egon behar da. Gaur egun behean dauden hiruzpalau ontzi goian lasai eta arazorik ibiltzeko baldintzak dituzte. Klub askok dirua izan dute, baina diru hori joan da. Dirua oinarri zutela egiten zuten lan; oso erraza zen hamahiru olinpikoz osatu eta uretan jartzea. Pentsatzen dute gure tripulazioak, iazkoak eta aurtengoak ere, goiko mailan aritzea zuela. Goian bazaude arraunlaria gehiago egiten da, telebista ere hor dago eta klubak esponsor bat ere lortu dezake; denak laguntzen du. Egia da lehen marrazoak zeundela eta zu harrobitik sortutako traineru batekin joaten zinenean, alde guztietatik jasotzen zenuen. Beste klubetako historia batzuk jakin ditut. Lauzpabost arraunlarik TKE ligako klub bat utzi dute denboraldia hasita zegoela bidaietako dirurik ere jasotzen ez zutelako. Noski, ez zara dirua galtzen aterako. Ikusten duzu Meirarekin zer gertatu den. Niri Zierbenarekin gertatu zitzaidana gertatu da. TKEra igo zen, entrenatzaileak utzi zuen, dirua joan da eta harekin 7-8 arraunlari eta orain sailkapeneko hondoan dago. Zer gertatu zen Castrorekin? Nola dago orain Astillero? Lehen, garai hartan, Castrori edo Astillerori irabaztea ezinezkoa zen, baina orain uste dut TKEn mantentzeko arazorik ez genuela izango.

Denboraldi hasieran sailkapeneko erdian egotearekin konforme bazineten, goian egotean sekulako poza izango duzue.

Oso garrantzitsua da. Eta bai, ezustekoa ere bada, are gehiago, arraunlarien izenak eta historialak ikusten badituzu. Baina borrokalari sutsuak dira; dutena dute, baina duten guztia ematen dute. Nik badakit nire ontzia uretara doanean %100a emango duela. Egon naizen talde batzuetan akuilua erabili behar nuen guztia eman zezaten. Hemen ez. Zer gertatu zaigu? Ba, kontrolatu ezin daitezkeen gauzak daudela. Albotik jotzen duen estropada eremuak izan dira; Donostian itsaso zakarra izan zen eta beste batzuetan trapaila izan da itsasoan eta ontziak boteak ematen joan da. Erraza da esatea, baina zorterik ez dugu izan. Beste zorte batekin beste helburu batzuek izango genituzke. Zumaiako eremua, adibidez. Itsasoa egoera zailean zegoen. Atera nintzen eta galdetu zidatenean zer kale nahiko nukeen, esan nuen lehenengoa ahalik eta urrutien nahi nuela. Erresaka handia zegoen eta olatuek errebotatu egiten zuten. Beste egun batean, arraunean egin genuen bezala ikusita, sailkapenean beste postu batean egongo ginateke. Donostian antzerakoa pasa zen. Lehen kaletik egin genuen eta, kasualitatea, hurrengo egunean, TKEko estropadan, lehen kaletik joan zirenak casa criston geratu ziren. Pedreñan laugarren kalea tokatu zitzaigun. Aurreko txandan Pedreña joan zen kale horretatik eta, pentsa Pedreñak ezagutzen duela bere estropada eremua, zaplazteko ederra eman zioten. 

Ontzian ditugun beteranoenak ere, Iñaki Larrañaga eta Josu Bilabier, lesionatuta egon dira. Zarautzen lehen egunean egurra eman ziguten, baina bigarren jardunaldian hobeto aritu ginen. Gero, Elantxoben bandera irabazi genuen, Santurtzin ere bai, eta Bilabier lesionatzen zaigu. Istriborreko aldea maneiatzen zuen, oso alde gaztea dena. Berreskuratzear gaudenean, Iñaki Larrañaga lesionatu zen. Estropada batzuetara bi arraunlari horiek gabe joan ginen. Uztail osoa galdu genuen. Horrek guztiak zigortu gaitu. Zorte pixka bat gehiagorekin Ondarroaren gainetik egongo ginateke. Getaria eta Ondarroa lehiatzerako orduan gurea baino tripulazio beteranoagoak dira. Gero, Ondarroan, denboralea gaineratu zitzaigun azken unean... 

Ondarroakoa pena izan zen. Hor aldea zabaltzeko aukera zenuten.

Ziur nago hala izango zela. Zumaiak ez zuen azken aldian bezala arraun egin. Gogortuta zeuden eta beteranotasun falta izan zuten. Zumaiak eta Ondarroak topo egin zutenean eta palak ukitu genituenean, epaileak ababorrera bidali zuen Ondarroa, eta nire patroiak istriborrera biratu zuen palak jotzen ez jarraitzeko. Hor erritmoa galdu genuen. Hirugarren luzean, eta hau ez da inon agertu, epaileak istriborrera bidali zigun Getariari ontzi eta erdiko aldea ateratzen genionean. Hor ere denbora pila bat galdu genuen. Ez dakit, ez dakit, ez dut gaizki pentsatu nahi, baina Bizkaian geunden eta horrek pisu handia du. Igoera lortzeko Gipuzkoako bi ontzi izatea, goikoak ahul daudenean eta behekoak indartsu... Ondarroan gertatu zen guztia arraroa iruditu zitzaidan. 

Badirudi Zumaia indartsu heldu dela denboraldi amaierara. Banderak irabazteak ere asko lagunduko du.

Lau bandera irabaztea ez genuen pentsatu ere egiten; ezta bakarra irabaztea ere. Lau irabazi ditugu eta uste dut aurrekoa ere irabazi beharko genuela. Taldea une onean dago. Bi mutilak berreskuratu ditugu. Getarian ikusi zen oso ondo egiten genuela arraunean; hori bi egunetan, lehenengoan ere oso ondo ibili ginen eta. Mutilengana joan eta esan nien lehen mailako baten adina egin zutela arraunean. Estropada 35 paladarekin irabazi genuen, Getaria eta Ondarroa 40ra joan zirenean. Gainera, lasaitasuna erakutsi zuten: Getariak ihes egin zuenean, geurean jarraitu genuen, harrapatu eta pasatu egin genituen. Hori tripulazio beterano baten gauza da. Izugarrizko esperientzia ikusi nuen ontzian.

Orain Ondarroarekin borroka gogorra duzue.

Zaila izango dugu. Erlojupeko bi estropada geratzen dira. Lehenengoa Santoñan da eta oso zaila izango da: metro batera eskuinera edo ezkerrera egin, hondar-banku bat aurki dezakezu. Sekulako korrontea dago han. Erlojupekoa bada ere, inoiz ez dakizu zer gertatuko den han. Gero Villa de Bilbao estropada dugu, oso gogorra izaten dena. Nik konfiantza handia dut nire ontzian, baina bi estropada gogor izango dira eta, gainera, wattetan irabazten gaituen ontzi baten aurka. Wattak kontutan hartutako sailkapena egiten bada, Getaria, Ondarroa, Donostiarra, Lekittarra eta Pedreña gure aurretik egongo lirateke. Fisiko aldetik guk baino potentzia handiagoa duten traineruak dira. Gureak, baina, borrokalariak dira. Hiltzeraino borroka egiten dute estropada bakoitzean. Gure %100a beraien %80a izango da, baina guk %100a ematen badugu, beraiek %90a eman beharko dute guri irabazteko; %75a ematen baduzu, izorratuta zaude. Hori da gertatu dena, baina bi estropada oso zailak izango dira. 

Burua hotz mantentzea ere beharrezkoa izango da.

Ehuneko batzuengatik edo segundo batengatik irabazi edo galduko duzu estropada. Hiru segundo baino gehiagoko alderik ez dela izango uste dut. 

Prestakuntza berezirik izango al duzue?

Aldaketa tekniko bat egin dugu ontzia. Prestakuntza fisikoan jarraipena emango zaio. Talde gaztea da eta inor ez dago soberan; ez dugu inor desgastatzea nahi. Mutilek duten txispa hori manten dezatela. 

Klubetik inongo presiorik jaso ez duzula esan duzu lehen. Sailkatze estropadan ez sartu izana ez al da ikusiko porrota bezala?

Ez, ez, ez. Klubetik ez naute eskatu sailkatze estropadan sartzea, ez beste ezer ere. Urtarrilean arrakasta bezala ikusiko zen ohorezko tandan sartzea. Oso gustura daude egindako lanarekin, baina, oso gaztea izanda ere, oso lehiakorra den talde bat dut. Ni ere oso lehiakorra naiz; ez zait batere gustatzen galtzea, ezta kaniketan ere. Sailkatze estropadan sartzen ez bagara, badakit egun txarrak igaroko ditudala, nigatik eta baita mutilengatik ere. Gogorra izango dela? Ziur, eta aurten are gehiago, denboraldia ezohikoa baita. Denboraldia abuztuaren erdialdera amaitzeak tristura ematen dira. Dena gaizki eginda dagoela uste dut. Kontxa geratzen zaigu, eta ikusi beharko dugu estropada horri nola egiten diogun aurre. Kontxara ez bazara %100ean joaten, jipoitu egiten zaituzte. Sailkatzeko estropadako helburua hor izanda, jendea bizirik egongo litzateke. Baina, oraingoz ez dut horretan pentsatu nahi. Baina bai esango dizudala oso gaizki prestatutako liga izan dela. Abuztuaren 21-22an amaitzen baduzu, sailkatze estropadarako hilabete faltako da... Pentsatzen jartzen zara ea ez duten hala prestatu TKE Ligakoekin pentsatuta, beraiek lanean izanda eta gu konpetiziotik kanpo.