"Alaba besotik heldu eta bularra ukitzen hasi zitzaion"

Baleike 2015ko uzt. 22a, 19:22

Joan den asteazkenean, uztailaren 15ean, gertatu zen azken sexu erasoa: 80 bat urteko gizonezko batek 12-13 urteko hiru neska erasotu zituen, gaueko 23:00ak aldera, neskak etxera bidean zihoazela. Haietako neska baten ama Maider Etxabek kontatu digu gertatutakoa.

«Patxita Etxezarreta kalean dagoen autobusaren markesinaren ondoko egurrezko eserlekuan zegoen erasotzailea. Neskak paretik pasa zirenean, gure alaba besotik heldu eta bularra ukitzen hasi zitzaion», azaldu du Maider Etxabek. Une batez bi neska izan zituen helduta, askatzea lortu eta ihes egin zuten arte. «Hirugarrena, baina, geldirik gelditu zen, beldurrez edo. Harrapatu ete gorputz osoan ibili zitzaion ukitzen». 
Hiru neskek ez zuten gertatu zitzaienaren berri eman, beldurraren beldurrez; baina, zorionez, lekuko batek gertatutako ikusi, nesketako bat ezagutu, eta gurasoekin jarri zen harremanetan. «Alabarekin hitz egin genuen eta orduan kontatu zigun denbora zeramatela gizonezkoaren jazarpena pairatzen.  Koadrilako laugarren neska bat ere bai». 
 
Ostiralean salaketa jarri zuten gurasoek Ertzaintzaren Zarauzko komisaldegian, eta orain zain daude. «Gizon edadetua da, 80tik gora urte izango ditu, baina sasoian dago. Okerrena da oraindik kalean dabilela lasai asko; egun hauetan kafetegi bateko atarian ikusi dugu karta jokoan, beste hiru emakumerekin. Amorrua horrek ematen dit, gizon hori lasai dagoela eta gure alaba berriz gauetan lo hartu ezinik».
 
Ardantzabideko erasoak
 
Patxita Etxezarretakoa ez da, baina, Zumaian azken hilabeteotan gertatu den kasu bakarra. Ardantzabide aldean ere izan dira eraso sexistak, eta beste gizonezko baten kontrako salaketa jarri dute 10-13 urte arteko zortzi neska erasotuen gurasoek.
 
Gozoki truke, ezpainetan musu emateko eskatzen omen zion Mari Mar Oteizaren alabari: «Guk hasieran ez genion aparteko garrantziarik eman, baina gero beste guraso batek esan zigun bere alabari bularra ukitu ziola eta orduan hasi ginen kezkatzen». Gero jakin zuten eraso gehiago egin zituela gizonezko hark, eta azkenean guraso denak elkartu eta salaketa jarri zuten ekainean. «Aurrena, Zarauzko komisaldegian deklaratu zuten gure alabek; eta gero, Azpeitiko epaitegitik ere deitu ziguten. Orain epaiketaren zain gaude». 
Erasotzaile honen kasuan, Oteizak aspaldian ez omen du auzoan ikusi: «Auzoan bizi zen eta ezagutzen genuen. Baina aspaldian ez dugu hemen ikusi. Ez dakigu zaintzapean ote duten».