Zumaian gertatu diren eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea deitu du Berdintasun Foroak

Berdintasun Foroa 2015ko uzt. 22a, 13:30

Gogor gaitzetsi nahi ditugu azken boladan gertatzen ari diren eraso sexistak. Azken hilabetean, jazarpen sexualen hainbat salaketa gertatu dira Zumaian. Bi erasotzaile ezberdin aritu dira herrian zehar inpunitate osoarekin, neska ezberdinei eraso sexualak errepikatzen, tartean adin txikikoak izan dira batik bat. Kontzentrazioa ostiralean egingo da, 20:00etan, Alondegiaren aurreko Martxoaren 8ko plazan.

Zurrumurruak eta kasuen detaileetatik urrundu, eta erasoak sufritu dituzten neskei babesik beroena adierazi nahi diegu. Azken asteetan ikusi dugun gisan, indarkeria matxista ez da kasu isolatu edo anekdotiko bat, emakumeen bizitzetan ematen den errealitatea da, baita Zumaian ere.

Zumaiako neska gazte eta emakumeok eskubidea dugu kalean lasai ibiltzeko. Ez dugu beldurrarekin bizi nahi gure egunerokoan, eta argi adierazi nahi dugu arazoa ez dela gurea, baizik eta erasotzaileak direla arazoa.

Horregatik, ezin da erasorik gelditu erantzunik gabe! Zumaiako pertsona guztiok hartu behar dugu ardura marra gorriak jartzeko, erasotzaileen inpunitatearekin amaitu behar dugu. Herritarrok erasorik edo ekintza arrarorik ikusten badugu, salatu egin behar dugu eta kasu hauei amaiera eman, erasotzaileei ezin diegu lasaitasunez jarduten utzi herrian zehar. Ez dugu nahi, ez dugu onartuko, beste edozein neska edo emakumek horrelakorik jasatea, ez Zumaian, ez inon. Erasoak gelditu behar ditugu!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

Elkarretaratzea

Eguna: Uztailak 24 ostirala,

Ordua: 20:00etan Alondegi parean (Martxoak 8 plaza)

Deitzaileak:  Zumaiako Berdintasun Foroa – Zumaiako Asanblada Feminista – Gurasoak