Pulpo Espainiako Txapelketan

Maristasen aurka jokatuko du Pulpok finalerako txartela

Baleike 2015ko mai. 9a, 01:29
Ander Torrikoren jaurtiketa Montequintoko defentsa gaindituta. Argazkia: Peio Romatet

Ligaxkako azken jardunaldian 29-25 irabazi dio Pulpok Sevillako Montequintori, emozioz eta tentsioz betetako arratsaldean. Hiru partidak irabazita, multzoko lehen postua lortu du Pulpok eta Ademar Leon izan da bigarren, gaur Melillaren aurka galdu duen arren (22-21). Beste multzoan Bartzelona izan da lehena eta Maristas Malaga bigarren. Finalaurrekoak horrela geratu dira, beraz: Bartzelona-Ademar Leon (18:30ean) eta Pulpo-Maristas Malaga (20:30ean).

Kostata, gogotik kostata, irabazi du Pulpok gaurko partida. Zumaiarrak ez dira Montequintori neurria hartzeko gai izan, eta azken unera arte sufritu dute jokalariek eta harmailetan bildutako jarraitzaileek. Sevillarrek berriz bete-betean asmatu dute eta ezustekoa emateko zorian izan dira. Defentsan eta erasoan, bietan ibili da galduta Pulpo. Atzeko lanetan, pibotea lotu ezinik ibili dira eta sekulako buruhausteak eragin dizkie, batik bat hegaletan kokatzen zenean, binakako jokaldietan libre gelditzen baitzen edo defentsari autre hartuta. Behin eta berriro errepikatu du jokaldia Montequintok, eta Pulpo ez da erremediorik jartzeko gai izan.

Eta erasoan ere, ideia eta patxada falta Montequintoren defentsa aurreratuan ez trabatzeko. Tentsioa gainetik kendu ezinik ibili dira zumaiarrak eta pixkanaka Montequintoren sarean gelditu dira harrapatuta. Atsedenaldira 11-13 atzetik, eta bigarren zatirako lan asko pendiente.

Partida iraultzeko intentzioarekin atera da Pulpo, baina gauzak are okerrago jarri dira, bosgarren minuturako 11-17 ziren atzetik, eta bazirudien ontzia hondoratze bidean zihoala, arma guztiak erreta eta soluzio berririk gabe. Baina ez da horrela izan. Partida kontrolatzeko bide garbirik ez eta hortzak estutzeko eguna zen gaurkoa. Bide luzeegia egin du talde honek azken urratsean estroputz egiteko. Harmailak borborka, lapikoaren presioa topera, jokalariek dena eman dute, hustu egin dira, eta azkenean Montequintok amore eman behar izan du.

Ademar, kanpoan gelditzeko zorian

Multzoko beste partidan gertatu da eguneko ezustekoa. Ademar Leonek bi puntuak behar zituen finalaurrekoetarako txartela ziurtatzeko eta Melillak ez zuen sailkatzeko aukerarik, baina afrikarrek lortu dute garaipena azken unean, jendearen zoramenerako. Partida ezin berdinduago joan da hasieratik amaierara. Ademarrek eskura izan du garaipena, baina aukera huts egin eta Melillak gola egin du kontraerasoan, azken segundoan, eta 22-21 irabazi dute. Jokalariek emozionatuta amaitu dute harmailetatik jaso dute babesa eta bultzadagatik.

Partida galduta, finalaurrekoetatik kanpo gelditzeko zorian izan da Ademar, Montequintok nahikoa baitzuen puntu bat sailkatzeko. Hala ere, azkenean lau onenen artean izango dira gaztelarrak.

Bartzelona eta Maristas beste multzoan

Bartzelonak 15-43 irabazi dio Covadongari goizean jokatutako partidan, eta sei punturekin lehen multzoko lehen postua lortu dute. Bigarren txartela egon da jokoan Malaga eta San Sebastian de los Reyesen arteko partidan. Madrildarrak gogor hasi dira, baina Malagarrek erakutsi dute txapelketako talde onenetakoa dela merezimendu osoz sailkatu da finalaurrekoetarako, 31-23 irabazita. Aurkari gogorra izango da Pulporentzat.

Sarrerak 17:00etan salgai

Finalaurrekoetako sarrerak 17:00etan jarriko dira salgai kiroldegi atarian, bost euroan.