Pulpo Espainiako Txapelketan

Espainiako zortzi onenen artean sailkatu nahi dute Pulpoko jubenilek

Baleike 2015ko api. 23a, 16:35

Bihartik igandera hitzordu garrantzitsua dute Pulpoko jubenilek: Espainiako Txapelketako azken fasera sailkatzeko txartela dute jokoan, Anaitasuna, Granollers eta Naturhouse La Riojaren aurka. Entrenatzaileekin hitz egingo dugu aurkariez eta taldeak dauzkan aukerez.

Bi urtez gelditu da Pulpoko urrezko belaunaldi hau Espainiako Txapelketako azken fasearen atarian, eta bietan Zumaian, herritarren aurrean. Aurten, jubenil mailako bigarren urtekoa da taldearen bizkarrezurra eta, beraz, azken aukera dute senior mailara pasa aurretik. Eta hori oso barnetatuta daukate. “Taldea oso ondo dago, oso ondo entrenatu dugu, lan berezia egin dugu azken asteotan eta jokalariak oso konzentratuta daude. Badakite zer dagoen jokoan”, hasi dira esplikatzen Andres Torriko eta Xabi Letamendia eta Ibon Enbil entrenatzaileak. “Aste Santuan entrenamendu bereziak egin genituen, santelmoetan lagunarteko partida jokatu genuen, eta repetizioetan ere zaindu egin dira jokalariak”.

Talde honetako zenbait jokalarik Espainiako Txapelketa irabazi dute aurten Euskadiko selekzioarekin, eta orain Pulporekin zerbait handia egin nahi dute. Horretarako, maila handiko hiru talde gainditu beharko dituzte.  Hiruren ezaugarriak aletzen laguntzeko eskatu diegu entrenatzaileei:

Anaitasuna (Ostiralean 18:30ean)

“Iazkoarekin alderatuta, taldea asko aldatu da. Iaz gehienak bigarren urteko jubenilak ziren eta talde hartatik hiru baino ez dira gelditzen –Kisseleven semea tartean–. Iazko taldea fisikoki oso indartsua zen, oso garaiak ziren. Azken partidan egokitu zitzaizkigun eta ezinean ibili ginen. Aurten fisikoki ez dira hain indartsuak, beste era batekoa da taldea. Erasoan gehiago jokatzen dute, baina ez dira hain gogorrak. Guretzat egokiago. Desberdintasun fisiko hori ez dugu sufrituko. Iaz azken partida zen, eta gainera urtebete gazteago ginen gu. Aurten esperientzia gehiago daukagu”.

Granollers (Larunbatean, 16:00etan)

“Granollersek aurten talde indartsuagoa dauka. Iaz ere egokitu zitzaigun eta uste baino errazago irabazi genuen, baina belaunaldi hau hobea da, maila handiko taldea dute. Duela bi urte, kadete mailan, Bartzelonaren aurretik gelditu ziren Katalunian. Jende indartsua da, joko oso bariatua daukate, defensa ere aldatzen dute, jaurtitzaile onak dauzkate, hegaleko onak, korrika asko egiten dute… Oso konpletoak dira. Guk oso fuerte defenditu beharko dugu. Haiek beti gol bat gehiago sartzera joaten dira; gu alderantziz; gure helburua izango da beti gol bat gutxiago jasotzea. Emaitza baxu baten bila joan behar dugu. Beraiek aldaketak egiteko aukera gehiago dute. Aurkari gogorrena izango da”.

La Rioja Naturhouse (igandean, 12:30ean)

“Ez daukagu erreferentziarik, baina teorian talderik ahulena da. Errioxako bigarren taldea da. Hirugarren partida izango da guretzat eta aurreko bi jardunaldietan ikusteko aukera daukagu. Aurkari guztiek dute Ohorezko Mailako izena, baina hauek dira teorian eskasenak. Errioxako selekzioa ezagutzen dugu eta ez dute gure maila”.

Pulpo, sasoi betean

Aurkariak alde batera utzita, Pulpo aurten sasoi betean iritsi da denboraldiko une garrantzitsuenera. Adibidez, Kauldi Odriozolak aurten atseden gehiago hartzeko aukera izan du, eta gogo handiz dago, taldekide guztiak bezalaxe. Eta taldeak asko hobetu du defentsako lana: “Aurten, 22-23 gol jasotzen ditugu. Erasoan gutxiago sartzen dugu, baina defentsan askoz gutxiago jaso. Enbilek lan handia egin du arlo horretan eta hori asko nabaritu da, asko hobetu dugu defentsan. Irabazi nahi badugu, hor lan handia egin behar dugu”.

Autobusez joateko aukera

Logroñoko pabilioiak 400 bat lagunentzako lekua du eta Pulporentzat oso garrantzitsua izango da Zumaiatik ahalik eta jende gehien joatea, eta garaiz, jokalariak etxean bezala senti daitezen. Horretarako, klubak autobusak antolatu ditu larunbaterako –dagoeneko bat bete da–. Oraindik norbaitek joateko interesa badu galde dezala klubaren bulegoan.

Pulpok fasea gainditzen badu, maiatzaren 6tik 10era jokatuko den zortzi onenen arteko azken fasea antolatzeko eskaera egingo du. Baina horretarako aurrena Logroñon irabazi behar da.