San Pedro abesbatza Sorian kantari

Erabiltzailearen aurpegia San Pedro Abesbatza Zumaia 2023ko urr. 24a, 14:00

Joan den larunbatean, urriak 21, Soria hiriburuko Aula Magna Tirso de Molina aretoan kontzertua eskaini zuen Coral de Soria abesbatzarekin batera.

Musikaz betetako asteak izan dituzte San Pedro abesbatzako kideek, hamabost egunen epean bi erronka ezberdinei aurre egin behar izan baitiete. Urriaren 7an Musikenen ospaturiko Koru ekosistema ahalduntzea: Inklusioa, berrikuntza & ondarea jardunaldian parte hartu ondoren, pasa den asteburuan Soriako bidaia izan dute.

Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak sortutako Kukubiku Kantak proiektuaren bigarren bilduma argitaratu berri da. Euskal ondarearen abesti herrikoiak korurako moldatzea bilatzen duen proiektu honen ardatzekin San Pedro abesbatzakoek guztiz bat egiten dutenez, hasieratik bertan parte hartzea erabaki zuten. Honen lekuko Hondarribian ospaturiko Helduen Topaketan parte hartzea eta baita lan hauen aurkezpenean ere. Horrela Maria Solt eta Kastero, Forjarien Kanta edota Katalintxu abestiak, besteak beste, eskaini zituzten Musikeneko aretoan. Ez da hau, ordea, proiektu honekin izango duten azken harremana.

Atsedenik hartu gabe, Soriako bidaia zen hurrengo hitzordua, bertako Coral de Soria abesbatzarekin burutuko duten elkartrukearen lehen atala zelarik. Koruko kideek dioten bezala, Musikak batzen gaitu. Horrelako ekintzek gure musika erakusteko aukera ematen dute eta baita beste tradizio batzuk ezagutzeko aukera ere. Eskainitako egitaraua abuztuaren 1an Zumaiako Musika Jaialdiaren barne eskainitakoa izan zuen ardatz. Nazioarteko musikaren adibideak egonik, programaren muina euskal egileen lanak izan ziren: Antxieta, Guridi, Victor Zubizarreta, Xabier Sarasola, David Azurza eta koruko kide den Iker Gonzalez. Euskaraz ziren lanen aurretik, gainera, azalpen txikian eman ziren entzulegoak hobetu ulertu zitzan. 

Talde bakoitzak bere musika eskaini ondoren, elkarrekin abesteko unea iritsi zen. Horretarako hango eta hemengo bi abesti aukeratu ziren. Josu Elberdinek hitz zaharren gainean konposaturiko Izar ederrak abestia egin zuten lehenik eta ondoren Francisco Garcíak idatzitako Las Bailas ondoren. Azken hau sanjuanera bat da, Soriako folklorearen zati garrantzitsu bat. Dueroko ertzean dagoen hiri honek San Juanak festa handiekin ospatzen dituzte, bertako ohituretako bat Las Bailas dugu, non San Polora erromerian joaten diren. Ohikoa da jendeak abesti hau modu herrikoian kantatzea musika bandaren laguntzat. Larunbatean ordea, bere egileak korurako moldatuko bertsioa berreskuratu zen.

Kontzertura gerturatuko jendeak, gaur egun, unibertsitatearen aretoa den garai bateko komentuko kapera bete zuen. Bertako akustikak jendearen gozamena ahalbidetu zuen, bai entzulerena eta baita korukidena ere. Honen lekuko izan ziren txalo zaparradak. Hemendik hilabete batzuetara izango dugu bi talde hauek gure herrian entzuteko aukera, elkartrukearen bigarren atalean.