'Hesia urraturik', sarean

Erabiltzailearen aurpegia San Pedro Abesbatza Zumaia 2022ko abe. 5a, 10:30

Abuztuaren 1ean eskainitako kontzertuko zatiak argitaratuko ditugu datozen asteetan.

Urtean zehar egindako lanari begirada bat botaz gero, garbi dago erronka nagusiena Joxan Goikoetxeak idatzitako Hesia urraturik obra izan zela. Xabier Leteren testuen eta doinuen gainean idatzia, baina, aldi berean, mundu sinfonikora eramana; makina bat lan eman zizkigun aurrera ateratzeko.

Baina ez ginen bakarrik ibili lan honetan: Sapere Aude Sinfonietta, Hernaniko Musika Eskolako abesbatza, Klara Mendizabal, Aitor Garitano, Mikel Emezabal, teknikariak... Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiogu hau guztia aurrera ateratzeko egin zuen esfortzuagatik. Honen aurrean, gordetzeko modua bilatu nahi izan genuen eta zuekin partekatzeko aukera izango dugu. Pasa den larunbatean, Euskararen Egunaren barruan, lehen bi mugimenduak biltzen duen bideoa argitaratu genuen: Introitus eta Iturri garbia. Bertan obrak izango dituen ezaugarriak agertzen dira: indarra eta samurtasuna. 

Atzo, berriz, Xabier Leteren heriotzaren urtemugan, obraren laugarren mugimendua argitaratu genuen, bertan bi bakarlariek parte hartzen dutelarik. Zati honen hasieran obra honen beste ezaugarri bat agertuko da. Xabier Lete musikazale amorratua zen eta bere gustuko obren zatitxoak agertuko dira han eta hemen. Mugimendu honetara iristeko esteka hau erabili dezakezue edota San Pedro abesbatzak Youtuben duen kanalera jo.

Datozen asteetan joango gara bideo gehiago argitaratzen. Espero dugu zuen gustukoak izatea.