Solitarioan tranpak egiten jarraitzen du alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko urr. 11a, 19:01
Hitz hutsez eta erdizkako egiaz osatutako prentsa-oharra kaleratu du Udal Gobernuak kartel, mural eta pankarten harira. Egia biribila, aldiz, bestelakoa da. Udalaren ustez, antza, komunikazioa eta parte-hartzea alkateari entzutea besterik ez da.

Eztabaidak publikoa izan behar du, ez lau pareta eta lau katuren artekoa.
"Udala herriko hainbat elkarte eta eragilerekin bildu" dela dio. Bai, baina behin bakarrik eta alkateak berak aukeratutako jendearekin bakarrik, udaletxeko lau pareten artean. Otsailetik hona inorekin adostu gabeko debekuak aplikatzen ari dira kalean eta 7 hilabeteren ostean orain dela bi astekoa izan zen lehen bilera. Bileraren gaia: herrian inorekin hitz egin gabe Udal Gobernuak ezarri dituen debekuei izaera legala emateko prestatu duen ordenantza. Debeku, isun eta kontrol-arauekin, berriz ere inorekin hitz egin gabe, idatzi duen ordenantza. Hau da, kartelak jartzeagatik Udalak zenbateko isuna jarriko digun edo pankarta bat jarri nahi denean politikari bati baimena noiz eta nola eskatu behar diogun, horixe da gaia.

Bilera horretan ekarpenak jaso zirela aipatzen du oharrak. Hori gezurra da. Zenbait parte-hartzailek adierazi zuten ez zekitela zergatik gonbidatu zituzten bilera horretara eta bileraren gai nagusiari buruz (kartelak/pankartak/muralak) galduta edo iritzi garbirik gabe zeudela. Bilera osoaren audioa daukagu nahi duten guztientzat eskuragarri.

Protagonistak baztertuta
Udal Gobernuak (eta Udal Gobernuak bakarrik) idatzi duen ordenantzaren berri emateko osatu duen mahaia hau izatea nahi du Udalak: EAJko bi kide, udal arkitektoa, Eh Bilduko kide bat, PSE-EEko beste bat, Kalea Guztiona Da plataformako kide bat, Ricardo Azkue inmobiliaria, merkatarien elkarteko kide bat, Santa Klara baserriko kide bat eta Nagusilan adin nagusikoen elkarteko kide bat. Broma dirudi, baina hala da.

Guk ez dakigu zeinek joan behar duen bilerara txakurren kaka ala bizikletak kalean non utzi ahal diren eztabaidatzera (beren ordenantzak hori ere zigortzen du), baina kartelez eta pankartez hitz egin behar bada, eska daitekeen minimoa da kartelak eta pankartak jartzen dituzten eragileak presente egotea. Alkateak ez du eztabaida zabaldu nahi, oso ondo dakielako berak nahi duen "debekuak + kontrola + isunak" hirukotea galtzaile aterako litzatekeela egiazko parte-hartze prozesu batean.

Gaiari buruz hitz egin behar da, ez isunen zenbatekoaz
Gu oso prest gaude egiazko parte-hartze prozesu batean parte izateko, ekarpenak egiteko eta ahalik eta jende gehienaren adostasuna bilatzeko. Baina egiazko eztabaida bat gertatzeko moduko parte-hartze prozesurik ez badago, eragindako ezinegona arintzeko Udalak inorekin hitz egin gabe inposatu dituen debekuak indargabetzen ez badira, gaia ezkutatu eta protagonistak baztertzen dituen mahai horretan ez dugu parte hartuko.

Batetik, gaiaren abiapuntuarekin, parte-hartzaileekin eta metodologiarekin ados ez gaudelako eta bestetik, gu ez garelako nor beste inoren izenean hitz egiteko. Kalea Guztiona Da-ri atxikimendua eman zioten hogeita hamar eta piko eragileren artean era askotako iritziak egon daitezke. Horregatik eragile denek, nahi duen orok, izan behar du prozesuan parte-hartzeko eskubidea.  Batzen gaituena debeku eta isunen aurkako jarrera da.

Berriki alderdiek eta zenbait eragilek txalotu duten Plan Estrategikoaren prozesua adibide ona liteke: adostasuna aurki daiteke, borondatea baldin badago. Bidea da gakoa eta bost lagunek ez lukete guztion izenean erabaki behar, eta are gutxiago debekuak eta isunak jartzeko bada.

Harremanetan jartzeko:
 - kaleaguztionada[abildua]gmail.com
 - https://www.facebook.com/kaleaguztionada/