Margolari eskasena, Zumaiako alkatea

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko eka. 14a, 12:48

Ikusi bi argazkiak. Ederragoa al da plastote marroiarekin zentsuratutako horma? Udal-gobernuak inposaketaren bidea aukeratu du berriz, ezabaketa eta zentsuraren bidea, herritarrei iritzia emateko aukera eman gabe. Dirudienez Zumaiako udal-gobernuari ez zaio gustatu herritarrek herriari musutruk egindako oparia. Erribera kaleko horma itsusi bat artelan batekin edertu ondoren, bi egun ere ez ditu iraun. Berriz ere zentsuraren kolore marroia, Mozal legearen aurka omen daudenen aldetik.

Euskal Herriko hainbat herritan muralak egiteko ordaintzen den bitartean (Gasteiz, adibidez) hemen ezabatu egiten da artea. Udal-gobernuak herriko hormak eta herritarrak isilik nahi ditu, lau urtean behin bozkatzea eta kito. Turistentzako postaleko herri huts eta tristea nahi du. Eta ez du kontuan hartzen hainbat turista eta bisitarik, murala egiten ari zen bitartean, festaz gozatu zutela, turismoa erakarri dezakeela, ez uxatu. Baina hori ez da kontua, turismoa aitzakia bat baino ez da. Helburua agintea da, alkateak dena nahi du kontrolpean.

Larunbatean giro ederrean herritarrok guztionak diren kaleak hartu genituen, kaleei kolore apur bat eman genien, inori kalterik egin gabe, pentsatzeko, bizitzeko askatasuna, irudimenaren indarra aldarrikatu genituen. Erantzuna ikusi dugu zein den. Ez duzue herritarren aniztasuna plastote marroiarekin itoko.

Alkate, utzi agintekeria, ez zaitez boterearekin mozkortu. Entzun herritarrei, debekua eta inposaketa iraganeko kontuak bihur ditzagun.