IRITZIA

Oliba oliozko diskoak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2023ko abe. 7a, 11:00

Azaroko Baleike aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua.

Hedabide batzuek eman zuten albistea: binilozko diskoen salmenta CDena baino handiagoa izan zen iaz ere. Hau da, 2022. urtean binilozko disko gehiago saldu ziren disko konpaktuak baino. Eta fetixistak garenak poztu egin ginen, nahiz eta hazkunde horrek bere alde iluna ere baduen.

Bitxia ari da izaten musika formatu honekin gertatzen ari dena. Industriak ia hiltzat eman zuen 1990eko hamarkadan CDa potentziatzen hasi zenean. Soinu hobea omen zuten azken horiek, betirako omen ziren –bat edo beste bota behar izan ditut ezin zirelako entzun–, eta, gainera, kalean ere entzun zenitzakeen discman edo halako aparailuekin. LPak entzuteko, aldiz, nahitaez tokadiskoa behar zenuen, eta ondo zaintzen ez bazenituen, krikrikri gogaikarri bat entzun zitekeen bozgorailuetatik. LParen negu gorrian diskoetxe txiki eta independente batzuek bakarrik mantendu zuten disko hauek ekoizteko ohitura. Horiek egiteko fabrikak ere itxi zituzten, eta orain gutxira arte LPak fabrikatzen zituzten bizpahiru instalazio besterik ez zeuden mundu osoan.

Hemengo sinatzaile honek ere analogikotik digitalera egin zuen salto tokadisko zaharra izorratu zitzaionean. Berria erosi beharrean, disko bilduma ia osoa saldu/oparitu nuen. Gutxi batzuk gorde nituen, auskalo zergatik, non entzunik ez nuen eta. Denborarekin, berriro LPak erosten hasi nintzen –Belle and Sebastianen lehen biak, New Orderren klasikoak...–, oraindik tokadiskorik ez banuen ere. Aparailua etxean sartu zenean, ordea, oraindik baretu ez den erosketa uholdean murgildu nintzen. Egunen batean aldamenekoen etxea okupatu beharko dut bilduma gordetzeko...

Eta Nosferatu izango balitz bezala, ia hilik zegoena berpiztu egin zen, eta gaur da eguna LP gehiago saltzen direna CDak baino. Hala ere, ez gaitezen engainatu: salmenta kopuruak ez dira orain bi hamarkadakoen parekoak. Nork ordainduko ditu hogeitik gora euro disko batengatik, edozein plataformatan doan aurki badezake?

Hazkunde honen alde ona zein den? Bada, gero eta binilozko disko gehiago dagoela merkatuan; lehen friki batzuen nitxoa zena, orain masiboa bihurtu da –debatitzeko modukoa izan daiteke zenbatek erosten dituzten formatu honetako diskoak itxurakeriagatik bakarrik, zenbat eta zenbat disko egongo diren etxeetan oraindik plastikozko zorroa ireki gabe–. Alde txarra? Prezioen igoera amaigabea. Multinazionalek negozioa ikusi dute, eta saltoki digital handien laguntzarekin, diskoen salneurria igotzeari ekin diete. Gaur egun binilozko disko baten prezioa bikoitza izan daiteke orain bost urtekoaren alderatuta; lehen hogei euro balio zuenak orain berrogei balio dezake. Horregatik, txiolari batek zera galdetzen zuen: "Akaso, oliba olioarekin egiten al dituzte diskoak?".