Hauspean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2023ko urt. 24a, 06:00

Badut ohitura bat, eta da liburu bat bukatzen dudan egun horretan beste bat ez hastea. Amaitu berri dudan liburu horrek eskaini didana jalkitzen uzten dut: markarik utzi badit, primeran; hala ez bada, baldetan hautsa pilatzen ari diren beste liburu horiekin guztiekin bat egingo du. 

Ohitura edo, hobeto esanda, mania horrek badu bere alde txarra: eguneko lehen orduetan bukatzen badut liburua, beste nonbaiten aurkitu behar izango dut zer irakurria. Halakoetan, sarritan, Interneteko sare handian arrantzatzen dut. Orduak eta orduak pasa ditzaket zerbaiten bila. Behin, nire asperdura maila epikoetara heltzen ari zen batean, Ander Izagirre kazetari donostiarrak Libros del K.O. argitaletxeko blogean idatzitako Probintzietako hizlari baten autobiografia tristerako apunteak izeneko idatzia topatu nuen. Gustuko dut Izagirreren idazteko era: bidaiaria, historia txikiez osatutako historia handiak kontatzen ditu bere liburuetan, betiere modu atseginean, aspertzeko aukerarik eman gabe.

Blogeko sarrera hori ere irribarre batekin irakurri nuen. Hizlari bezala bizitako pasadizoak eta kalamitateak kontatzen zituen Izagirrek: Nafarroako herrixka batera hitzaldi bat ematera joan zen batean, bost emakume besterik ez zen joan hitzaldira; gizon bat bera ere ez, ordu horretan Osasunak futbol partida zuelako; Beste hitzaldi batean, hiru emakume joan ziren, baina bik berehala alde egin zuten hitzaldiz konfunditu zirelako; Gipuzkoako herrixka batean, berriz, kultura zinegotzia siestatik jaikiarazi behar izan zuen hizlariak berak, eta hark, zinegotziak, tabernan musean jokatzen ari ziren lau gizon hartu eta hitzaldira joatera ‘gonbidatu’ zituen. “Galdera ugari egin zizkidaten, batzuk, gainera, hitzaldiarekin erlazionatuak”, dio Izagirrek.

Hitzaldian gertatzen dena gertatzen dela ere, saiora inor joaten ez bada ere, haren antolatzaileek sare sozialetan modu arrakastatsuan salduko dutela dio kazetariak umoretsu: “argazkia aterako dute, bertaratu diren bost-zazpi buru erdi kalboen atzean, aulki hutsen Saharako desolazioa moztuko dute eta, horrela, gainezka egindako gela bat iradokiko dute; edo errealitatearen bertsio zoragarri bat idatziko dute”.

Hor identifikatuta sentitu nintzen. Ez naiz hizlaria –zorionez entzuleentzako–, baina halako hitzaldi edo saio ugariren berri eman behar izan dut urte hauetan guztietan lan egin dudan hedabideetan. Autozentsura hitza erabiltzea akaso gehitxo da, baina ekitaldi horietako batzuen inguruko kronikak idazterakoan literatura gehiago erabili izan dudala kazetaritzako teknikak baino, hori egia berdaderoa da. Kazetariaren lana egia kontatzea dela aurpegiratuko didate batzuek, baina ekitaldi horien antolatzaileak askotan ingurukoak direnean, hobeto literatura saiakera (kaskar) batekin itsasoa baretzen utzi eta modu batera edo bestera saio edo emanaldi hori hauspean ahazten saiatu.