Laugarrena bai?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko eka. 27a, 06:00

Trena badoa triki-traka Europa erdialdeko herrialde batean zehar. Bikote bat eztabaidan hasi da bagoi barruan.

Alemanez hitz egiten dute. Gizonezkoa egunkaria irakurtzen ari da; emakumeak zerbait esaten dio. Eztabaidaren bolumena igotzen doa. Pasilloaren beste aldean emakume gazte bat doa. Eskuan daraman liburuan murgiltzen saiatzen ari da, baina eztabaidak ez dio kontzentratzen uzten. Halako batean emakumeak kolpe bat eman dio gizonezkoari. Hori ikusita emakume gaztea besaulkitik jaiki, zorroa hartu, eta bagoiko beste eserleku batean eseri da. Pasilloaren beste aldean gizonezko gazte bat dago eserita. Bi gazteak bata besteari begira hasi dira zeharka. Bikote helduak, haserre, bagoia utzi du, eta bi gazteak hitz egiten hasi dira.

- Badakizu zertaz ari ziren? –galdetu dio mutilak neskari.

- Ez, nire alemana ez da oso ona –erantzun dio neskak–. Inoiz entzun duzu bikoteek zahartzen doazen heinean elkar entzuteko gaitasuna galtzen dutela.

Hala ezagutuko dute elkar Jessek eta Célinek Before Sunrise (Egunsentiaren aurretik) filmean. Jesse (Ethan Hawke) estatubatuarra da, eta Europan zehar bidaiatzen ari da; Céline (Julie Delpy) frantziarra da, eta Budapesten bizi den amona bisitatzetik doa berriro Parisera. Trena Vienara bidean doa, eta estaziora heltzera doanean gaua elkarrekin pasatzea erabakiko dute.

Horrela hasten da Richard Linklater zinemagileak 1995. urtean estreinatu zuen pelikula, adin tarte bateko zinemazaleontzat zinemak eman duen maitasun istorio ederrenetako bat. Horregatik bakarrik, pozik egoteko arrazoiak izango genituzke. Baina, kontua da bederatzi urte geroago, 2004an, Before Sunset (Ilunabarraren aurretik) etorri zela. Vienan gertatutako istorioa liburu bihurtu du Jessek, eta Parisen egiten ari den aurkezpenera gerturatuko da Céline. Hizketan jarraituko du bikoteak Célineren etxean amaitzen duten arte. Pantaila beltzean geratuko da, eta ikusleak ez du jakingo elkarrekin jarraituko duten ala ez.

Erantzuna bederatzi urte geroago etorri zen, 2013ko Before Midnight (Ilunabarraren aurretik) garratzean. Haurrak dituen bikotea krisi egoeran dago. Akabo lehen filmeko maitasun istorio nerabea; adio bigarrengo pelikulako konbertsazio amaigabeei; hirugarrenari, gogorra izanagatik, egia sumatzen zaio irudi eta elkarrizketa guztietan. Eta lehen filmeko lehen minutuetako esaldia etortzen zaizu burura, zahartzen doazen heinean bikoteek elkar entzuteko gaitasuna galtzen dutela, alegia.

Bederatzi urte igaro dira aurrekotik, eta laugarren kapitulua egiten badute, orain tokatzen da, 2022an. Egingo ote dute? Auskalo. Zaletuok nahi al dugu? Nik ez, behintzat, trilogia perfektua delako. Baina, baina, baina...