Lanbroa

Erabiltzailearen aurpegia gortu 2023ko urr. 23a, 12:38

E... lanbrora noa
Zure oroimen hau blaitzeko
memoriaren leihoen kristalean
bustia lagatzeko...

Bi ahizpeko txikiko bide berri baten izena da Lanbroa. Lanbrora abesten zuen Itoiz taldeak, eta horixe etorri zitzaidan gogora bidearen berri izan nuenean.

Igandean, urriaren 22an, Peloia jaso eta Irurtzun aldera abiatu ginen. 

Bezperan bide hori egiteko joateko tentatu nuenean, antzarrak ferratzera bidaliko ninduela pentsatu nuen, baina ez. Ondo iruditu zitzaion. Gero kontuak ez ziren hain samurrak izan.

Iritsi ginen Irurtzunera, herrian sartu eta ahizpa txikiaren barrutik pasatzen den tuneletarantz joan ginen. Lehen tunelaren aurrean aparkatu, eta esan nion Peloiari:

-Pagozelain geratu behar genian, garai batean bezela. Zeozergatik jarri zion Larregik Kakazelai izena. Handik pasatzea garrantzitsua izaten huan. 

Larrialdia baretzera joan nintzen, eta itzuli nintzenerako beste auto bat gure ondoan aparkatzen ari zen. Bi gazte ziren.

-Egun on!

-Egun on, bai.

-Zer bidetara zoazte -galdetu nien.

-Lanbroa bidera.

-Kasualidadea. Gu ere bai.

Gure aurretik abiatu ziren, baina bidearen hasierara iritsi ginenean, gu hasteko esan ziguten.

Oraindik ere badago munduan zaharrei errespetua zor dien jendea.

Eskertu genien, eta nire plana azaldu nion Peloiari.

Normalean, beti ez esateagatik, bera hasten da eskalatzen. Bai eskolan luze bateko bideak egiten ditugunean, baita zenbait luzeko bideak eskalatzen ditugunean ere. Baina nik krokisa pixka bat aztertuta neukan eta banekien luze zailena laugarrena izango zela. Beraz, ni hasiz gero, laugarrena Peloiari tokatzen zitzaion. Jatorra zer naiz ba gero.

Onartu zuen mutikoak eta ekin nion eskalatzeari. Iritsi ginenean autoak 5º-ko tenperatura markatzen bazuen ere, eskalatzen hasi orduko joan ziren nire freskotasunak. 

Lehen luze horretan bi horma nahiko tente badaude, eta kosta zitzaidan txukun pasatzea. Hasiera beti izaten da gogor samarra.

Geroago hasi zen Peloia esaten ez genuela Eginotik inoiz alde egin behar izan. Beste bi gazteak ere Eginon dezente ibiltzen omen ziren. Han zeudek biak gure zain, eskalatzen hasteko.

Iritsi nintzen lehen bilgunera. Ordurako hotzaren arrastorik ere ez.

Leku ederra da, baina autobidearen zaratak dezente zatartzen du han eskalatzea. Behean eskuinean dagoena Peloia da, eta ezkerreko biak, gazteak.

Bazetorren Peloia.

Bigarren luzea oso erraza da. Askoz hobeto.

Bukatu zuen eta berehala joan nintzen ni ere, lehenengo gaztea lehen bilgunera iritsi zen eta.

Han non ikusi nuen Peloia katu oinak kenduta eta zapatillak jantzita.

-Iteki?

-Uste nian, oinez egin beharreko tarte bat tokatzen zala. Baina gero paraboltak ikusi dizkiat horma tente horretan.

-Zer markatzen dik krokiseak?

-V+, baina zuhaitzaren laguntzarekin ondo egingo dek.

Abiatu nintzen eta nahiko lanekin irten nuen handik. Gero ezkerrerako trabesia erraz bat zegoen, eta ondoren, beste horma tente bat, desplome moduko batetik hasten zena. V- markatzen zuen krokisak. Arrastaka igo nintzen handik, eta gustura harrapatu nuen bilgunea.

Han etorri zen Peloia, nahikoa purrustada botatzen hura ere. 

- V-? Zeinek graduatu dik hau?

- Dolomitaseko graduazioa ematen dik honek.

Zapatillak jantzi eta laugarren luzearen hasierara joan ginen.

-Oraingoan gogotik gortu beharko dek, Peloi. 6a ederra hortxe daukak.

-Nunca debimos salir de Egino -berak kastellanoz.

Abiatu zen.

6a-ko pausoaren aurrekoa ederki egin zuen, eta 6a-koa ere librean egin behar, ez baitzegoen A0 egiteko aukerarik.

Gazteetako bat hirugarren luzearen amaierako bilgunean zegoen ordurako. Nahikoa sufritu zuela eta desplomeko pausorako pedala atera zuela esan zidan. Lasai zegoen hala ere, hurrengo luzea lagunari kateatu ziolako. 

Bukatu zuen Peloiak eta eskalatzeari ekin nion, sokaren hiru tirazoak sentitu ondoren: hasteko seinalea.

Niri 6a-ren aurreko pausoak eman zizkidan lanak eta bi. 6a-koa berriz salbatu nuen, baina nahikoa sufrituta. Uste dut gazteei dezenteko errespetua sartu zitzaiela orduan.

Iritsi nintzen behintzat bilgunera, eta bosgarren eta azken luzeari ekin nion.

Hasiera zail samarra iruditu zitzaidan eta ez nintzen oso txukun ibili. Baina handik gora gozatzeko luzea zen.

- Horrelako 800 m behar dizkiu guk! -askotan esan ohi dugun bezala.

Iritsi nintzen bilgunera, behera begiratu eta gazteen arrastorik ez.

- Hi, Peloi, hauek ez die bukatu laugarren luzea.

- Ez. Egia. Etorriko dituk.

Bukatu zuen Peloiak ere luzea. Bostekoa eman, “ez gatxuk makalak” esan, eta berriro ere gazteei erreparatu genien.

- Hi, hauek galdu egingo hituan.

Bidearen amaiera ahizpa txikiaren gailurra baino hogei metro atzerago amatzen da. Materiala jaso eta gailurrera joan ginen, argazki bana ateratzera.

Itzultzean, gazteetako bat azken bilgunean zegoela ikusi genuen.

Kontatu zigun laguna laugarren luzean sartu eta ez aurrera eta ez atzera geratu zela. Malloia utzi eta jaitsi egin omen zela. Ondoren, oinez joan ziren, horma eskuinetik inguratuz, eta bosgarren luzea eskalatu zuten. 

Beherakoan esan zidan Peloiak:

- Guk nahiko lan izan diu, baina gaztiak baino hobeto atera gaituk. Ez gaituk makalak!

Itxuraz (krokis osoa irakurri izan banu jakingo nuke) gaur egun jaitsiera hegoaldetik egiten da; hau da, Irurtzun aldera jaisten da. Baina nik ezagutzen nuen bidea iparraldera jaisten da, eta jadanik gutxi erabiliko da. Nahiko arriskutsua da.

- Jaitsiera beste aldera huala esango nikek -Peloiak.

-Nik hauxe ezagutzen diat bat. Kontuz jaitsi eta iritsiko gaituk.

Eta iritsi ginen bai, baina ez da bide erraza. Hurrengorako badakigu.

Baina, agian, hurrengoan Eginora joango gara. Auskalo, batek daki.

Gortu!