Picu Urriellu

Erabiltzailearen aurpegia gortu 2022ko eka. 20a, 10:57

Batean kontu bat dela eta beste batean beste bat dela, aspaldian gutxi eskalatu dugu. Dena dela, pasatu berri dugun aste bero hau eskalatzeko gordeta geneukan.

Denean bero handia iragartzen zutenez, Picu Urriellura joatea erabaki genuen. Hala ere, nik ez neukan oso garbi, leku gogorra delako, eta ondo prestuta joatea komeni delako. Sorbalda gaizki eduki dut urte osoan, eta Peloia bitartean jo ta fuego ibili da entrenatzen. Hark bazeukan Naranjosera joateko grina, eta baita lortu ere. 

Astearte goizean autoan sartu eta Arenas de Cabralesera joan ginen. Santelmo izeneko taberna batean garagardo bat hartu eta pare bat ogitarteko eskatu genituen eramateko. Berriro autoan sartu eta Pandebanora joan ginen. Hura zen beroa!

Iritsitakoan txokatuta geratu ginen: aparkatzeko lekurik ez! 

-Hau ez sinistekoa dek! -bota zuen Peloiak- Ez al dik inork lanik egiten? Ekaineko astearte batean aparkatzeko lekurik ez?
Buelta hartu eta beherantz abiatu ginen. Bidean bazterbide batzuk daude; batean, 2 aparkaleku, beste batean, 3 eta horrela. Haietako batean autoa utzi (haietatik kanpo utziz gero, isuna), motxila handiak hartu eta goiko aparkalekura abiatu ginen. Iristen ari ginela:

-Ai ama! Kaskoa kotxian ahaztu zaidak- esan nion Peloiari.

-Esan diat nik gaizki heukala motxilari lotu gabe- errietan.

Motxila eta Peloia bertan utzi eta buelta autora. Kaskoa hartu eta buelta gora. Ordurako izerditan. 
Jarraitu aurretik ogitartekoa jan genuen eta gero gorako bidea hartu genuen. Sufrikario ederra. Bero handia, pisu handia, sasoi eskasa... Nahi gabe ere Peloiak atzean utzi ninduen berehala. Trenosa izeneko aterpea pasatutakoan, nire zain geratu zen.

Soka bana generaman eta nirea berak eramango zuela esan zidan, ni pixka bat arinago joateko. 
Hala ere, gaizki baino okerrago nindoan gorantz. Peloia aurretik zelako, bestela buelta hartuko nuke. Bidean bat baino gehiago errukitu zen nirekin.

-Are you ok?

-No- nik. Eta gero, barre txikia ingelesen taldea lasaitze aldera.

Beste bikote batek ura eman zidan, eta baita bueltan behera joateko aholkatu ere. Baina, ni egoskor, gora.

Iristeko ordu laurden bat edo falta zitzaidanean, han non datorren Peloia goitik behera ur freskoarekin. Litro bat ia kolpetik edan omen zuen gora iritsi zenean, eta ni iristen ez nintzela ikusita, nire bila abiatzen erabaki zuen.

-Ekarri motxila hori- esan zidan, ura eman zidan aldi berean.

-Ez, motel! Falta danagatik, iritsiko nauk.

-Baita zera ere! Afaritarako ez gaituk iritsiko.

Eta halaxe, nire motxila bizkarrean hartu zuen eta aterperako falta zen tartea osatu genuen. Ez dakit mendian inoiz hainbeste sufritu dudan.

Aterpean bapo afaldu eta hamaikak baino lehen ohean. Ordu horretatik aurrera isiltasuna izaten da nagusi.

Cepeda, ekialdeko aurpegian

Asteazkenean, hilaren 15ean, zazpiak alderako jaiki ginen. Gosaldu eta ekialdeko aurpegira abiatu ginen, Cepeda bidea eskalatzeko asmoz. Beroa eta eguzkia ziren nagusi.

Zazpi eta erdiak aldera abiatu ginen, Celada izeneko kanalean gora. Oraindik ere bazeuden elurgune batzuk, kontuz pasatu beharrekoak.

Ekialdeko aurpegira iristerako, bikote bat eskalatzen ari zen, eta azpian haien bi txakurrak zaunka eta zaunka. Eta jakina, Cepeda bidean zeuden, guk egin behar genuen bide berean.

Peloiak esan zidan argazki kamera ahaztu zitzaiola.

-Handiak dek ba! Hik peso de más ez eramateagatik, edozer gauza!

Bidearen hasieran ere elurgune nabarmen bat zegoen, eta haren errimaian gora joan behar zen, eskalatzen hasteko. Ez zen oso leku erosoa katu hankak eta abarrak janzteko. Horretan ari ginela, hiru ingeles hurbildu ziren, haiek ere Cepedara. Eskerrak haiei behintzat aurrea hartu genien. Eta eskerrak iritsi ziren, bestela neuk jaitsi beharko nuke elurgunetik behera erori zitzaidan zintaren bila. Ingeles batek ekarri zidan jator-jator eroritako zinta ematera. Pixka bat geroago, lehen bilgunean zegoen neskari magnesio-poltsa erori zitzaion, eta berriro ere ingelesak lanean. Peloiari eman zioten, hark geroago neskari emateko. Bikotekideak bizkaitarrak omen ziren.

Izango ziren bederatziak laurden gutxi edo, Peloia eskalatzen hasterako. 

Eskalada motagatik, luze osoan aseguru bakar bat ere ez dagoelako, eta behar ez denean tximiniara sartuz ginelako, une traketsak pasatu genituen. Ez ziren samurrak izan lehen bi luzeak. Bigarrena niri tokatu zitzaidan, eta apururen bat ere pasatu nuen, tximiniaren barrutik aurrera egiten tematzeagatik. Azkenean, plakara irten eta askoz errazagoa zela ohartu nintzen arte.

Hirugarren luzea berriro ere Peloiarentzat. Lanak eta bi izan zituen tximiniatik ateratzeko, baina handik aurrera eskalada samurragoa da eta gozatzen hasi zen. Artean bilgunean nengoela, hiru ingelestako bat purrustaka somatu nuen. Tximinia barrura sartzen saiatu zen hura ere, eta larri ibili zen. Umore ederrak zeukan, ordea. Hiru ingelesetan potoloena zen. Beste bat oso argala zen, eta hirugarrena, gazte ilegorri bat. Atera zen behintzat hura ere larrialditxo hartatik.

Laugarren luzean, Y handia atzean uzten da eta eskalada gehiago moldatzen da gu ohituta gaudenera. Gozatu ederra hartu nuen luze horretan. Hemen Peloia bilgunera iristen.

Bosgarren luzean, eskuinera trabesia egin eta desplometxo bat egiten duen diedro bat hartu behar da. Baina diedroan sartu orduko eskuineko plakara irten behar da, handik errazagoa da eta. Bukatu zuen Peloiak luzea eta nik seigarrena egin nuen. Ekialdeko hormatik jaisteko rapelak hasten diren lekuan egiten da bilgunea. Ez da aukera txarra handik jaistea, baina gailurra zapaldu nahi genuenez, aurrera jarraitu behar. 

Zazpigarren luzea berriro ere Peloiarentzat. Ez da oso zaila, baina friendak sartu behar dira, aseguratzeko.

Peloia bilgunera iritsi zenean, magnesio-poltsa eman zion aurretik genuen bikoteko neskari. Iritsi nintzen ni ere, eta zortzigarren luzeari ekin nion. Friend bat hemen, beste bat gorago, tximinian sartu eta irrist. Eskerrak ez nintzen erori.

Baina adrenalina gora.

Tximiniatik atera eta iltze bat ikusi nuen ezkerrean. Pentsatu nuen sokak dezente tirako zidala, ezkerrean geratzen zelako eta bilgunea eskuinean zegoelako, baina bilguneraino ezer sartzeko aukerarik ikusten ez nuenez, huraxe txapatu eta gora.

Metroak eta metroak gora, eta iltzea han behean.

-Laksai Etxeberria- nire buruari. Kontzentratu eta gora. Iritsi nintzen rompetobillos famatuaren azpiko bilgunera. 

-Eskerrak Peloiari tokatu zaion- esan nion berriro ere nire buruari.

Etorri zen Peloia ere zintzo. Bero handia, eguzkiak kupidarik ez, eta gu poliki-poliki gora.

Abiatu zen Peloia bederatzigarren eta azken luzean gora.

Luze horren arantza bakarra ez da rompetobillos izeneko pauso pulitu eta gogor hori bakarrik. Sorpresatxoa goian dago. Izan ere, zulo batetik hegoaldeko aurpegira pasatu behar da. Eta zuloa estua da oso. Peloia arazorik gabe pasatu zen.
Hemen zuloa ekialdeko aurpegitik ikusita (argazkia ez da nirea, Internetetik lapurtu dut).

Eskerrak Peloiari argazki kamera aterpean ahaztu zitzaion. Bestela, ezin duzue imajinatu ni zulo hartatik pasatzen Peloiak grabatu zezakeen bideoak zenbat bistaratze izango zituzkeen. Birale izango litzateke, zalantzarik gabe.

Kendu motxila, kendu kaskoa, eta hala ere kabitu ezin. 

-Orain bazekiat zergatik joan ginen ertzetik gailurrera zuzen Larregi eta biok duela hogeita zortzi urte. Hemendik benetako pertsona bat ez dek kabitzen!

Eta Peloiak barre, lotsagabe. Tira egin eta lagundu beharrean.

Halako batean, jainkoak jakin nola, pasatu nintzen behintzat.

-Dana flakauta natxiok!- bota nion Peloiari harro-harro.

Kristoren beroa egiten zuen, baina nik argi neukan gailurrera joan behar nuela kosta ahala kosta.

Ez zitzaidan asko kostatu Peloia konbentzitzea. Seguruenik hark ere gailurrera joan nahi zuelako. 

Eguerdiko ordu bietan eta eguzkia zuzen-zuzen guri apuntatzen ari zela, sokak bildu eta gorantz jo genuen. Baita gailurrera iritsi ere.

Bi argazki triste horiek atera, ur beroari trago bat jo, eta joan zaizkigunak buruan hartuta (nork bere bakardadean), beherako bideari ekin genion.

Rapeletara iritsi ginenean, han zeuden ingelesak zulo madarikatu hartatik irteten.

The fucking hole

-What a fucking hole!- egin nion oihu ingeles potoloari.

Ez dakit zer erantzun zidan, barrez barrez. Baina uste dut nire iritzi berekoa zela. Katalanek ingelesez egiten zutenean, ia dena ulertzen nuen, baina ingelesek edo irlandarrak hitz egiten zuenean, ez nuen tutik ere ulertzen. 

Fucking hole alde batera utzi eta rapelatzeari ekin genion. Peloia aurretik beti bezala.

Bi galiziarrekin topo egin genuen, haiek ere behera zihoazela. Bati zesta erori zitzaion eta Peloiak jaso zuen behera iritsi zenean. 

Lau rapel izan ziren guztira, 60 bat metrokoak. Beste nonbait irakurri dut hiru rapeletan jaisten direla. Beraz, hurrengoan, eskuinerago dauden rapelak hartu beharko ditugu.

Jaisten ari ginela, Directa Martínez egiten ari zen bikote batekin egin genuen topo. Mutila Jaengoa eta neska Cuencakoa. Oso jatorrak biak. Mutilak friend bat aurkitu zuen, baina atera orduko erori egin zitzaion. Nik neuk ikusi nuen nola erori zen hegoaldeko oinarriaren kontra kolpe ederra hartuta. Peloiak jaso zuen. Denetik aurkitzen du mutilak. Fisurero txiki bat ere jaso zuen. Buscatesoros.

Handik zuzenean aterpera joan ginen. Bidean, mendebaldeko aurpegian Gizon berri bat naiz egin zuten kataluniar batzuek aurreratu gintuzten. Suhiltzaileak. Matxaka hutsak. Egunero mendebaldeko aurpegiko bide bat egiten zuten. Oso jatorrak.

Iritsi ginen aterpera poz-pozik eta neka-neka eginda. Hurrengo egunean jai hartuko genuela garbi geneukala.

Garagardo bana hartu eta mendebaleko aurpegi ikusgarriari begira jarri ginen. Han zeuden mexikar bat eta irlandar bat Rabada-Navarro bukatzen. Baina eguzkiak pasada ederra emango zien eta berandu iritsi ziren gailurrera. Hori gutxi balitz, beherako bidea ez zuten ezagutzen, eta kosta zitzaien rapelak aurkitzea. Gau ilunean behar zetozela, ekaitza lehertu eta euria hasi zuen. Gu ordurako lo geunden, baina hurrengo egunean esan ziguten bi edo hiru orduz egin zuela euria eta asko kosta zitzaiela beherako bidea aurkitzea. Iritsi ziren behintzat, goizeko ordu biak aldera.

Hurrengo goizerako horma lehor-lehor zegoen berriro ere.

Osteguna 16

Espedizio-buruak erabaki zuen Horcados rojos izeneko gainera joango ginela, ez genuela eskalatuko. Eta ni, konforme.
Esan ziguten Horcados rojosera iristea zaila zela, elurgune bat zegoela eta han ez zegoela katerik. Kranpoirik gabe ez ginela pasatuko, alegia.

Dena dela, joan ginen, eta Horcados rojosera iritsi baino justu lehenago, buelta hartu genuen. 

Ia-ia Horcados rojosen geundela, elurgune batek bidea moztu zigun. Kranpoirik eta pioletik ez geneukanez, handik ez ginela pasatuko erabaki genuen. Argazki bat atera, eta buelta.

Aterpera itzuli ginenean, katalanak behera zetozen jadanik. 

Ogitarteko bat jan genuen erdibana, garagardo batzuk hartu, eta lasai-lasai egon ginen. Ezin duzue imajinatu zeinen ondo egon daitekeen telebistarik, irratirik eta Internetik gabe mendian, munduko albisteen berririk izan gabe, egunero bonbardeatzen diguten putakume horiek kanturik entzun gabe. Fuck off!

Pronostikoak agindutako moduan, seiak edo sei eta erdiak aldera ekaitza lehertu zen. Ederra bota zuen.

Baina bai azkar lehortu ere. Argazkietan ikus dezakezue zer ordutan ateratakoak diren.

Katalanek hurrengo egunean mendebaldeko aurpegian eskalatzeko asmoa zuten, eta galdetu nien ea lehortuko zuen. Haiek, baietz. Haitza beroa dagoela eta haize txikienak ere asko lehortzen duela. Eta hala izan zen. Berehala lehortu zen guztia.

Aterpean afaltzen ari ginela, Suitzako bikote gazte bat geneukan parez pare. Isiltasuna nagusi hasieran. Gero, neskak ekin zion komunikatzeko behar horri, gaztelania oso gutxi jakinda. Erdi frantsesez, erdi inglesez eta erdi euskeraz, hurrengo egunean goizeko lauretan jaiki behar zutela ulertu genien. Cepeda egin behar omen zuten, gidari batekin. Suitzan ez omen dute gidariarekin eskalatzen, baina Urriellu ezagutzen ez zutenez, gidari bat kontratatu omen zuten. Guk esan genien guk ere Cepeda egin genuela, eta bagenekin zein zen haien gidaria. Ea zer moduzkoa zen galdetu ziguten, baina guk arrastorik ere ez. Lauretan jaiki, gosaldu eta ekialdeko aurpegira joateko, alajaina! Beroa pasatzea baina hobea izango da hala ere.

Ostirala 17

Goiz esnatu nintzen, eta aterpearen kanpoaldera joan nintzen. Seiak eta gutxi izango ziren, baina katalanak ordurako horman sartuta zeuden, batzuk Sagitarion eta beste batzuk Leivan (94an egin genuen Leiva Larregik eta biok). 
Egunsenti bikaina Vega de Urriellun.

Peloiarentzat eta biorentzat etxera bueltatzeko ordua zen. Penaz, alde batetik, horrelako leku batetik alde egiteagatik, eta pozez, bestetik, maite ditugunak ikusi eta dutxa on bat hartzeagatik.

Gogorra bezain ederra izan da. Hunkituta amaitu dut hau idazten.

Gortu!