Litos

Erabiltzailearen aurpegia gortu 2022ko mar. 31a, 08:00

“Hauxe proposatu behar ziot Peloiari” pentsatu nuen.

-Peloia, Litos in behar diau!

-Litos? Txabaleria bezela? Botelloia?

-Ez.

-Ramoncinen abestia? “Litos de alcohol, corren por tus venas mujer...”?

-Ez, Ihabarko bide bat.

-Ihabar? Zer dek hori?

-Sakanako herri bat. Tarteka mapari begiratzea ere ez zegok gaizki.

Urbedez mendiaren hegoaldean dago. Beste bi bide ere badaude.

Leku lasaia, bide berri samarra (2020koa) eta gutxi ekipatua. 

Otsailaren 26ko goiz hartan, hotz handia egiten zuen. Autoa hartu nuenean, izotz geruza ederra zeukan.

Hasierako asmoa Labarganetara joatea zen.

Peloia jaso eta autobidean sartu ginenean, berehala ohartu ginen hotz handia egingo zuela Labarganetan.

-Han goian hotza egingo du ba!-esaten zigun txikitan Joanita Kirikik. Eta hamaika aldiz errepikatzen dugu guk ere esaldi hori.

-Bai. Atxiperriak hartu al dituk? Hobe diagu Sakana aldera joan.

-Ba, ez dizkiat hartu.

Horrelaxe, Itziarren buelta hartu eta Peloiaren etxera joan ginen. Atxiperriak hartuta, Ihabar aldera jo genuen. Peloia ez zegoen oso konbentzituta:

-Aurkituko al diagu tokia?-Peloiak, kezkati.

-Bai, motel! Gainera, egun osoa zeukeagu guretzat.

Pixka bat kosta zitzaigun, baina aurkitu genuen. Beno, aurkitu genuen autoa non utzi. 

Horma ere aurkitu genuen, baina bidearen hasiera topatzeko... buff!! Izerdiak eta bi. Peloia alde batera, ni bestera. Halako batean aurkitu genuen, behintzat. Bidearen lehen zatiak hiru luze ditu, tontor batera iritsi arte. Ondoren, zati bat oinez egin, eta beste lau luze daude.

Peloia hasi zen eskalatzen. 

Luzean zehar kordinorik edo bestelako arrastorik ez zegoenez, krokisean ageri den zuhaitzean baino pixka bat gorago antolatu zuen bilgunea.

Iritsi nintzen ni, eta handik gora ere arrasto gutxi zegoenez, konturatzerako ia lehen tontorraren gailurrean nengoen.

Peloia iritsi zenean bota zidan:

-Noraino joan haiz hi, orain ere!

-Ez nian bilgune antzeko ezer aurkitzen eta...

Bigarren zatia nondik hasten zen ere ez genuen garbi ikusten. Baina aurkitu genuen hura ere.

Peloiaren txanda zen. Hasi zen gorantz, eta bigarren aseguru bat jarri behar zuenean:

-Aiba! Hemen klabija bat ziok!

Luzeak bejetazio asko dauka, eta horrek ikusgarritasuna kentzen dio.

Hurrengo luzea (krokiseko bosgarrena) niri tokatu zitzaidan. Luze garbiagoa eta plaka ederrak dituena.

-Orain ere lapurtu didak luzerik onena! -Peloiak.

Argazkia atera nion bilgunetik.

Peloia bilgunera iristerako, hurengo luzearen hasierari begira nengoen.

-Ez daukak kejatzerik -esan nion-. Honen hasierak ere itxura ona zeukak. Hori bai, ez okurritu txapatu baino lehen erortzea, bestela nire gainera etorriko haiz eta!

Abiatu zen.

Hasierako plaka amaitutakoan, leku eskasean sartu ginen: harri sueltoa, bejetazioa...

Ahal zuen lekuan bilgunea egin zuen. Baina, ni iritsi nintzenean, krokisari begiratu eta gorago joan behar zuela ondorioztatu genunen.

Halaxe, ezkerrera trabesia eginda, luzearekin jarraitu zuen.

Azken luzeak izugarrizko itxura zeukan hormaren oinarritik begiratuta, baina, behin hara iritsita, oso etzanda zegoela ikusi genuen.

Bidea sentsazio gazi-gozoarekin amaitu genuen. Alde batetik, leku ederra, lasaia eta basatia.

Baina, bestetik, bidea nondik nora doan jakitea ez da erraza, eta ekipamendua eskasa denez, bilguneak non egin ere zalantzak sortzen dira.

Itzuli beharko dugu beste batean ere.

Bitartean, Gortu!