Zumaiako hitz bereziak: SURTAN

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko ots. 10a, 07:30

Ikuskizun ederra da egurra surtan erretzen ikustea. (Irudia: PIXNIO)

Etxeetan beheko suak gero eta gutxiago daudenez, galtzen ari den lokuzio bat da aste honetakoa, eta Gaizkak ekarri digu gogora. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ez da Zumaiako kontua bakarrik, baina gurean ere erabiltzen dira “surtan”, “surtara” edo “surtarako”, -t- aurreko -r- hori ez duen forma horien pareko (sutan, sutara, sutarako); baliteke “sur” hori jatorrizkotik hurbilago egotea. Ahotsak.eus egitasmoaren webgunean ikusi dugu herri askotan erabiltzen direla gurean bezala: Andoain, Ataun, Beasain, Donostia, Errenteria, Markina-Xemein, Oiartzun, Ordizia, Urnieta, Usurbil… Esaera zahar askotan ere topatu ditugu adibideak, gehienak Gotzon Garateren bildumakoak:

-Erraina erre, suhia surtara

-Oilarrak gauez jotzen badu, gatza bota surtara.

-Surtara gaur aulkia, lurrean bihar ipurdia

-Eltzetik ihesi, surtara erori

-Oihanean surtako egurra baino gehiago bada.

-Piñukoxkorrak ere onak surtarako.

-Sagarrondo igartua surtarako ona.

Zumaiako adibideetara etorrita, Abelin Linazisorok zerrendan bildu zituen “surtan erre” eta “surtara bota”. Seguruena Abelinek berak idatzitakoa izango da zine-forumeko kritika hau, Baleike aldizkarian agertua 2006ko apirilean, 143. zenbakian:

Alde iluna ikusiko dugu: beldurrak mutu geratu den neska, sorgina den akusaziopean surtan erreko duten neska gaztea, izurritea Jainkoaren zigorra delakoan beren buruak txikitzen ari diren erromesak, Heriotzaren dantza…

Abelinen koinatuak emandakoa da bigarren adibidea, Joxeba Garatek, Zumaia eta olagarroa gehigarrian “olarro zopa” nola egin azaldu zuenean 2000ko apirilean:  

Hurrengo egunian beratzen egon den ur bera eta olarro lehorra, surtan jarri behar den ontzira bota eta honei zopako ogi zatitua bota.

Abelinek egindako elkarrizketa batzuetakoak dira hurrengo adibide guztiak, “Gure Zumai zarra” atalekoak. Bixente Esteibar, 2004ko maiatzean, 121. zenbakian:

Ostegun arratsaldetan jai izaten ginien eta ixa-ixa nahixo izaten nian eskola eguna. Arratsalde osoa lanean, hi. Lehenbizi surtako egur bila eta gero deberrak.

Ixabel Grazia, 2005eko urtarrilean, 129. zenbakian:

Orduan etxetan ez zan ia ezer sobratzen, surtan erretzen zan edo txarri jana eiteko gordetzen zan.

Karmelo Zendoia, 2008ko urtarrila, 162. zenbakian:

Han lau mila moro edo gehixok eiten zien lana, Regulares Cuatron. Teila eiteko eta surtako egur bila.

Alizia Perez, 2008ko urrian, 170. zenbakian:

Bildurra gendukan, ba, etxea berandu ailegatu ezkeo: Baina, non eon zeate oain arte!? Surtako gantxua hartu eta kanga!, buruan.