Zumaiako hitz bereziak: KARDANTXULO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko urt. 27a, 08:06

Kolore bizi-biziak dituzte eta erraz identifikatzen dira kardantxuloak. (Irudia: Ander Hormazuri, 2021eko egutegikoa)

Geoparkeko hegaztiei buruzko erakusketa ikusteko azken egunetan sartu gara, eta  hilaren 29ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan dago aste honetan ekarri dugun protagonista ere. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Fringilidoen familiako hegazti paseriformea da karnaba (Carduelis carduelis), eta “kardantxuloa” (ahoz “kardantxulua) esaten diogu Zumaian. Abelin Linazisorok jaso zuen bere zerrendan, eta inguruko herrietan ere berdin erabiltzen dela ikusi dugu: Zarautzen, Getarian, Aizarnan, Itziarren… Hegaztiei buruzko informazio oso baliagarria bildua du Asier Sarasuak txoriak.eus gunean, eta txori honi deitzeko beste izen batzuk ere zerrendatu ditu: filigero, firingalo, gardantxillo, guardantxulo, kaiolatxori, kardantxilo, kardelina, kardinale, kardinero, kardutxori, krabelin polit...

Zumaian bezalaxe, Zarautzen ere bazegoen ohitura txoritan “reklamoan” aritzeko, eta zarauztar batek ahotsak.eus gunean azaldu zuenez, gehien harrapatzen zituztenak  kardintxuluak”, txokak eta tarinak izaten ziren.