San Juan Egoitzan murrizketak egon direla salatu du ELA sindikatuak

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 8a, 13:00

Murrizketak salatzen dituzten pankartak San Juan Egoitzako sarreran. (ELA sindikatua)

Sindikatuaren arabera, egoitza hau kudeatzen duen Zaintzen enpresak atzerapausoak eman nahi ditu lan zentroan.

San Juan Egoitzako lan baldintzetan atzerapausoak izan direla salatu du ELA sindikatuak ohar baten bidez. Azken urteotan, "borroka sindikalaz baliatuz", hobekuntzak izan direla onartu eta gero, egoitza kudeatzen duen Zaintzen enpresa, "diputazioaren babesarekin", murrizketak aplikatzen ari dela ere gaineratu du.

Hala, ELAren arabera, lan zentroko gestioan "atzerapausoak" gauzatu nahi dituzte Zumaiako egoitza honetan. "Oraingoan, bajak ez dituzte ordezkatuko eta gaueko turnoan ordutegiak murriztu nahi dituzte 'ratioen gainetik daudela' argudiatuz. Ratio horiek, hain zuzen ere, langileen prekarizazio eta proletarizazio prozesu sistematikoa bideratzen dute", nabarmendu dute sindikatuko kideek.

Egoera isolatua baino, "estrategia integral baten" beste pauso bat bezala ulertzen du ELAk: "sistema publikoaren dekadentzia, pribatizazioa, murrizketak, zaintza lanen harira zuriketa instituzionala... Enpresari batzuen irabaziak, gehiengoen miseria bermatzen dute". Egoera honi "modu kolektiboan erantzungo" diotela ere azaldu dute, "ez daukagu besterik eta".

Akordioa 2022ko amaieran

Aspalditik dator San Juan Egoitzako lan baldintzen inguruko auzia. Hala, sektoreko hitzarmena lortu ahal izateko 273 greba egun egin zituzten egoitzan, 2022ko abenduan enpresa eta langileak ordezkatzen zituen ELA sindikatua akordio batera heldu ziren arte.