Akordioa lortu dute San Juan egoitzako langileek

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 23a, 13:13
San Juan egoitzako langileak pozik behin akordioa lortuta. (Juan Luis Romatet)

San Juan egoitzako langileen asanbladak ontzat eman du ELA sindikatuko ordezkariek eta Zaintzen enpresak adostutako akordioa eta, hala, pasa den astean hasi zuten greba mugagabea amaitu dute. 

Gabonak pozik igarotzeko arrazoi ezin hobeak dituzte San Juan egoitzako langileek. 11 greba egun egin ondoren, akordio batera heldu dira ELA sindikatuko ordezkariak eta egoitza hau kudeatzen duen Zaintzen enpresa. Langileen asanbladaren oniritzia behar zuten, baina, akordioa ixteko, eta goizean egindako bilkuran eman diote baiezkoa langileek. Hala, abenduaren 12an hasitako greba mugagabea bukatutzat eman dute. 

ELA sindikatuaren arabera, enpresarekin adostutako akordio honen bidez langileek %13ko soldata igoerak izango dituzte, eta 2019tik 2022ra arteko urtez urteko igoerei dagozkien atzerapen guztiak ere jasoko dituzte. "Halaber, akordio honen bitartez, San Juan egoitzako langileek urteetan zehar eginiko borroken bitartez lortu dituzten hobekuntza guztiak bermatuta geratu dira eta kontratazio berriei ere aplikagarria izango zaie", azaldu du egoitzan gehiengoa duen sindikatuak eguerdi partean egindako ekitaldian.

Poza, besarkadak, negar malko bat edo beste ere bai, emozioa nagusi izan da gaur San Juan Egoitzako langileen artean. Izan ere, nabarmendu duten bezala, "lorpen hauek eskuratu ahal izateko ezinbestekoa izan da greba egitea". Gogoratu behar da azken hilabeteko 11 greba egunei sektoreko hitzarmena lortzeko egin zituzten 262 greba egunak gehitu behar zaizkiela. Langileek erakutsitako "antolakuntza lana" goraipatu du sindikatuak, baita herriko eragile sozialekin eta familiartekoekin izandako harreman estua ere.