Ander Torrikok ez du Anaitasuna taldean jarraituko

Juan Luis Romatet 2024ko api. 24a, 14:14
Ander Torriko eskubaloi jokalari zumaiarra, Zumaian jokatutako lagunartekoan. (Gorka Zabaleta)

Eskubaloi jokalari zumaiarra oso maila ona erakusten ari zen behin lesioetatik osatu ondoren, baina Iruñeko klubak kontratua ez berritzea erabaki du. 

Ander Torriko eskubaloi jokalari zumaiarrak ez du jarraituko Anaitasuna eskubaloi klubean datorren denboraldian. Iruñeko (Nafarroa) klubak gaur iragarri du ez diola Torrikori kontratua berrituko. Sorpresa izan da nagusi erabaki honen berri izan denean. Izan ere, maila oso ona ari zen erakusten zumaiarra azken jardunaldietan, izandako lesioetatik osatu ondoren. 

Zumaiako Pulpo eskubaloi taldean hazi eta hezitako jokalaria, 2020ko udan heldu zen Ander Torriko Anaitasunara aurreko denboraldietan Kantabriako (Espainia) Sinfin klubean aritu ondoren. Iruñeko zaletuek maitatutako jokalaria, bere ibilbidea ez da errazena izan. 2021ko martxoan lesio larri bat izan zuen, eta 2024ra arte ezin izan du berriro Anaitasunarekin jokatu. Itzulerako lehen partida Zumaian jokatu zuen, gainera, Bidasoaren aurkako lagunartekoan. 

Otsailaren hasieran jokatu zuen ligako lehen partida ofiziala lesioa izan zuenetik, eta ordutik oso maila onean aritu da zumaiarra. Azken hamar partidatan 49 gol sartu ditu eta ikuskizuna ere eskaini du. Horren adibide da duela hamar egun Kantabriako Torrelavegan emandako erakustaldia: bederatzi gol sartzeaz gain, zazpi asistentzia eman zituen, eta partidako jokalari onena bezala izendatu zuten. 

Klubaren erabakia ezustean hartu duela esan du Torrikok, eta hemendik aurrera denboraldia ahalik eta hobekien bukatzea duela helburu iragarri du, bai taldearekin, bai zaletuekin, bai kluba osatzen duten lagun guztiekin.

Erlazionatuak

Ander Torriko: "Ez dut inoiz planteatu eskubaloia lagatzea"

Gorka Zabaleta eta Gorka Eizagirre urt 19 Zumaia