Bideo-elkarrizketa

Ander Torriko: "Ez dut inoiz planteatu eskubaloia lagatzea"

Gorka Zabaleta eta Gorka Eizagirre 2024ko urt. 19a, 10:32

Ia hiru urtez lesionatuta egon ostean, bihar kantxetara itzultzeko aukera izango du Ander Torrikok, Anaitasunak eta Bidasoak Zumaian (Lubakin, 20:00etan) jokatuko duten lagunarteko partidan. 

Berak bakarrik daki benetan zer nolako gurutzebidea pasa duen azken hiru urte hauetan, eskuin belauneko lotailu gurutzatua hiru aldiz hautsi, lau ebakuntza gainditu, eta berriro kantxara itzultzeko prest egoteko.

2021eko martxoaren 27an hautsi zuen lehen aldiz lotailua Ander Torrikok (Zumaia, 1997), Puente Genilen kontrako partidan, aurrez kantxetan “milaka aldiz egindako mugimendu natural batean”. Bere kirol ibilbidearen unerik gozoenean zegoen, Anaitasunaren lidertza hartuta. Zortzi hilebetera, lesio hura ustez osatu eta, lehiara bueltatu bezperako azken entrenamenduan, bigarrenez hautsi zuen lotailua. Handik urtebetera, hirugarrenez. Halako kasurik ez da ezagutzen goi mailako kirolean. Hiru aldiz erori, hiru aldiz jaiki.

Urritik taldearekin “normaltasun osoz” entrenatzen ari da, berriro eskubaloiko jokalari izan daitekeela erakusteko grinak bultzatuta. Kasualitateak zer diren, Zumaian izango du kantxetara bueltatzeko lehen aukera, bihar Bidasoak eta Anaitasunak jokatuko duten lagunartekoan.

Partidaren bezperatan nola sentitzen den jakiteko eta prozesu guzti hau nola bizi izan duen hobeto ezagutzeko, aste honetan bisitan joan gatzaizkio Iruñeara. Bideoan bildu ditugu Anderrek eta bere ingurukoek esandakoak.