23. Korrika

Korrika txikia egingo dute bihar eguerdian

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 18a, 17:00
2022ko Korrika txikia, Erribera kalea zeharkatzen. (Juan Luis Romatet)

Eguerdiko 11:30ean egingo dute korrika haur eta gaztetxoek, Talaipe parean hasi eta Gurrutxaga plazaraino.

Gero eta gutxiago falta de euskararen aldeko martxa erraldoia Zumaiatik pasatzeko. Asteartetik asteazkenerako ordu bietan pasatuko da Korrika Zumaiatik. Getariarrek pasako diete lekukoa zumaiarrei eta hauek, behin Zumaia eta Oikia igarota, aizarnazabaldarrei. 

Duela bi aste egin zuen AEKk txanden zozketa kilometroak erosi dituzten eragileen artean, eta hauek badakite jada zer tokitan eta zer ordutan egon beharko duten lekukoa eramateko.

Aurretik, bihar bertan, atariko koloretsu eta zalapartatsua izango da herrian. Eguerdian Korrika txikia egingo dute herriko haurrek. 11:30ean abiatuko dira Talaipe paretik, eta Gurrutxaga plazara arteko bidea egingo dute korrika. Arratsaldean, berriz, 19:00etatik aurrera, giroa berotzen hasiko dira. Hamarru eletrotxaranga arituko da musika jartzen Kofradian, eta mokaduak ere ez dira faltatuko.