Liburu aurkezpena eta kontzertuak Darahliren lankidetza asteko azken egunetan

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 2a, 14:00

Bihar amaituko da Darahli elkarteak antolatutako lankidetza astea. Aurretik, atzo, liburu aurkezpena eta kontzertuak izan ziren Oxford aretoan.

Lankidetza astea antolatu du aurten ere Darahli elkarteak. Argazki erakusketaz gain, dokumental emanaldia, mahai ingurua, liburu aurkezpena eta kontzertuak izan dira Alondegiko Oxford aretoan.

Atzo arratsaldez egin ziren azken bi ekintza hauek. Herritarrek interesa erakutsi zuten, eta Oxford aretoa ia bete egin zen. Hasteko, Kristina Berasain Berriako kazetariak Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztu zuen. Ondoren, bi kontzertu izan ziren, Hayuh Ramsi musikari sahararrarena batetik, eta bi egun lehenago talde berri onenaren Gaztea Saria jaso zuen Eire biko zumaiarrarena bestetik.

Darahli-Zumaia. Mendebaldeko Sahararekin urtez urte elkarlanean argazki erakusketa ikusteko aukera dago oraindik Oxford aretoan. Gaur 18:00etatik 20:00etara izango da ikusgai, eta bihar 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.