Kristina Berasain: "Itxaroten dakienari itzala iritsiko zaiola diote sahararrek"

Maria Maya Manterola 2024ko ots. 28a, 11:00

Kristina Berasain kazetaria. (Utzitakoa)

Berria egunkariko kazetaria eta Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren egilea da Berasain. Nazioarteko sailean aritu da hogei urtez, eta bildutako materialarekin ondu du liburua. Zumaian aurkeztuko du ostiralean. Egun horretan bertan Hayuh Ramsiren eta Eire-ren kontzertuak izango dira Oxforden.

Sahararen aldeko lankidetza astearen barruan, jarduera ugari antolatu ditu Darahli elkarteak. Ostiralean, esaterako, Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztuko du Kristina Berasainek (Lizarra, Nafarroa, 1973) Zumaian. Hitzordua 18:30ean izango da, Oxford aretoan. Aurkezpenaren ondoren, Hayuh Ramsi sahararraren eta Eire zumaiarren kontzertuak izango dira aretoan bertan.

Nola heldu zitzaizun liburua idazteko aukera?

Saharako gatazkaren gaiarekin urte asko daramatzat katigatuta eta konprometituta. Berria-n nazioarteko sailean lan egin dut urte askoz, eta nire lehen bidaia lurralde okupatuetara 2005eko intifadan izan zen. Orduko hartan ezin izan nuen sartu; Mendebaldeko Sahara zulo beltz bat da kazetariontzat, basamortuen basamortua. Kazetariak kanporatzen dituzte Marokok ez duelako errepresioaren lekukorik nahi.

Handik hamar urtera lortu nuen sartzea, Aaiunera. Errefuxiatuen kanpalekuetan askotan egon naiz, eta nazioarteko kazetari bezala elkarrizketa asko egin ditut. Hogei urtean bildutako materiala nuen, eta nire ametsa bazen liburu bat argitaratzea. Arnas luzeko kazetaritza kronikak biltzen dituen Aleka bildumaren parte da, Elkar, Berria eta Jakin hedabideek argitaratua. 

Nola antolatu duzu material hori? Historia liburu bat al da? Testigantzak ditu?

Ez da historia liburu huts bat, ez da geopolitika liburu huts bat. Gatazkaren jatorrira joan naiz, kolonilismoaren garaian sortutako gatazka bat baita, eta Espainiak jarraitzen du izaten Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea. Espainiaren historian beltzez idatzitako pasarte bat da Saharakoa. Frankismoaren garaian lehenengo traizioa etorri zen, eta orduz geroztik traizioz beteriko historia izan da sahararrena. 

Egungo egoera azaltzen ere saiatu naiz. Beti joera izan dut ertzetara jotzeko, herri ahaztuei begiratzeko. Saharari begiratu arren, bere kultura eta hizkuntza ere azaldu nahi izan ditut. Batez ere, Saharako historia handi hori istorio txikien bidez harilkatu nahi izan dut. Kontakizunak eta lekukotzak dira oinarria.

Okupazioa hasi eta Fronte Polisarioa sortu zela 50 urte beteko dira aurten. Zer aldatu da azken urteotan?

Afrikako azken kolonia izaten jarraitzen du Mendebaldeko Saharak. Madrilgo hiruko akordioen sinaketarekin hasi zen traizioa, eta gogoratu behar dugu Felipe Gonzalez okupazioa gertatu eta urtebetera kanpalekuetara joan zela eta esan zuela bere alderdia sahararrekin izango zela azken garaipenera arte.

Hitz horiek haizeak eraman ditu, eta ez horiek bakarrik, traizioak etengabeak izan baitira Felipe Gonzalezekin hasi eta Pedro Sanchezengana iritsi arte. Publikoki onartu du Mendebaldeko Sahararen irtenbidea Marokoren baitako autonomia litzatekeela. 

Zer jaso duzu testigantzetan? Itxaropentsu al daude sahararrak?

Urte askoan gerrara itzultzea eskatzen egon dira. 2020ko azaroan erabaki zuen Fronte Polisarioak gerrara itzultzea Marokok su etena hautsi zuelako, eta ez dugu ahaztu behar hiru urte daramatzatela gerran. Intentsitate baxukoa izan arren, gerra guztiak dira ankerrak. Itxaroten dakienari itzala iritsiko zaiola diote. Argi dute erresistentzian jarraituko dutela.

Liburua idazteko prozesuan jasotako zerbait nabarmenduko al zenuke? 

Plazera izan da kazetaritza pausatu hori egitea. Gozatu egin dut. Material asko elkartu dut. Hitzaurrean esaten dudan bezala, saharar batekin hitz egitea liburu bat irekitzea bezalakoa da. Kontakizunekin geratzen naiz.

Euskal herritar batentzat zergatik izan daiteke interesekoa?

Saharako gatazkaz euskaraz idatziriko lehen liburua da, eta harrotasunez diot hori. Ezagutza bat badago, baina isilarazitako gatazka bat da. Liburu honek aukera ematen du argazki bat osotasunean ikusteko.