Irati Osa garaile gaur etxean Gipuzkoako Neguko Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 18a, 18:53

Zumaian bertan jokatu da gaur eguerdi partean piragua txapelketa. Taldeka, bigarren sailkatu da Itxas Gain elkartea, Santiagotarrak elkartearen atzetik, eta etxekoek hainbat garaipen eta domina lortu dituzte.

Atzo emaitza bikainekin etxeratu ziren zumaiarrak Bizkaiko Neguko Txapelketatik, eta gaur ere dotore ibili dira Gipuzkoako Neguko Txapelketan. Etxean jokatu da, gainera, eta atzo bezala, gaur ere garaipena eskuratu du Irati Osak senior mailan. Gizonezkoetan, bigarren egin du gaur Martin Egaña taldekideak (atzo berak irabazi zuen lehia Plentzian).

Gizonei dagokienez, hainbat garaipen eskuratu dituzte: 23 urtez azpikoetan, esaterako, Aimar Amundarainentzat izan da txapela, eta Haritz Aizpurua hirugarren izan da. Beteranoetan ere etxean gelditu da garaipena Oier Aizpuruari esker, eta hirugarren izan da Iñaki Fernandez. Beterano 50 k-1 kategorian, azkenik, Xabier Osa izan da irabazlea.

Emakumeek ere emaitza onak lortu dituzte: 23 urtez azpikoetan Eider Amundarainek erdietsi du garaipena, eta Josefa Molina bigarren izan da. Beterano -50 k-1en ere etxean gelditu da txapela, Maite Etxabek irabazi baitu lehia. Hirugarren egin du Eukene Saezek, eta postu bera lortu du Ana Martinenak kadeteetan.

Taldeka, bigarren gelditu da Itxas Gain elkartea, Santiagotarrak elkartearen atzetik.

Txapelketako partaideek 5.000 metroko proba egin dute Urolaren itsasadarrean, 11:30ean hasita. Irteera eta helmuga Moilaberriko zubiaren parean kokatu dituzte, eta ziaboga errioan gora eginda, Bedua inguruan eman dute berriro, Zumaiako herrigunera bueltatzeko.

Hurrengo astean jarraituko dute piraguako lehiek, Euskadiko Txapelketa jokatuko baitute Irunen (Gipuzkoa) larunbat arratsaldean, eta bertan izango dira kirolari zumaiarrak ere, garaipen gehiago eskuratzeko borrokan.

(Argazkiak: Peio Romatet)