Kantxei agur, baina zesta puntari ez

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 18a, 14:00
Unai Lekerika eta Iñaki Osa Goikoetxea, txapeldunordeen oroigarriak jaso berritan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Kirol ibilbide ezin oparoagoa amaitu du gaur Gernikako Jai Alai pilotalekuan Iñaki Osa Goikoetxea puntistak. Winter Series txapelketako finala jokatu du Unai Lekerika lagun zuela Erkiaga eta Ibarluzearen kontra, eta galdu arren –11-15 eta 6-15–, herritarren berotasunik eta babesik ez zaio falta izan.

16 urterekin hasi zen zesta puntan, eta 27 urte geroago, 2.000 lagunen aurrean agurtu da Iñaki Osa Goikoetxea gaur eguerdian Gernikako Jai Alai pilotalekuan jokatu den Winter Serieseko finalean. Txapela ezin izan du jantzi, 11-15 eta 6-15 galdu dutelako berak eta Lekerikak Erkiaga-Ibarluzearen aurka; bikain aritu dira azken horiek. Galdu arren, ez du herritarren berotasun eta babesik falta izan, eta horixe azpimarratu du berak ere partida ostean.

Iñaki Osa Goikoetxea, bere azken partidako une batean. (Arnaitz Rubio Aprea)

12:18an hasi da finala, eta Goikoetxeak berak atera du lehenengo sakea; baita aurreneko tantoa egin ere. Partida hasiera oso berdindua egon da, eta lehendabiziko aldiz 4-5 aurreratu dira Erkiaga-Ibarluzea bikotea. 8-7koa tanto ederra izan da, eta zaleek gogotik egin dute txalo. Ondoren tanto asko egin dituzte aurkariek,  10-14 aurreratu arte. 11-15 amaitu da lehen jokoa.

Partida amaitutakoan, Lekerika eta Goikoetxea, saria jasotzera bidean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bigarren jokoan ez du asmatu nahi bezainbeste Goikoetxeak, eta bestalde, nagusitasunez aritu dira kontrarioak, Erkiaga batez ere: 2-4 aurreratu dira jokoan, 2-8 jarri dira gero, eta Goikoetxeari eta Lekerikari asko kostatu zaie hirugarren tantoa egitea. 3-11 aldearekin ere jarri dira irabazleak. Ez dute etsi zumaiarrak eta gernikarrak, ordea, eta bi tanto jarraian egin dituzte; 5-11 jarri dira, Goikoetxearen bi paretakoarekin. Baina hobeak izan dira aurkariak: 6-12 eta 6-14 jarri dira bizkaitarrak markagailuan, eta 6-15 irabazi dute. Bikain aritu dira Erkiaga eta Ibarluzea partida osoan zehar, eta bigarrenez jantzi du txapela Erkiagak. Partidaren ondoren, adierazi du "garaipen berezia" izan dela gaurkoa, "Goikoetxearen azken partida izan delako".

Herritarren berotasunarekin

Gipuzkoar bakarra zen Goikoetxea gaur kantxan, baina ez zegoen bakarrik, Zumaiatik dozenaka zale  bertaratu baitira Gernikara, tartean Iñaki Ostolaza alkatea eta Arantxa Tapia sailburua. Antolatzaileen arabera, jende asko gelditu da kanpoan, eta txapelketak iraun duen hamasei astetan beti bete da pilotalekua. Giro aparta egon da pilotalekuan, eta zaleek zutik eta txalo artean agurtu dute Zumaiako puntista.

Zumaiar zaleek argazkia atera dute partida amaitutakoan Iñaki Osa Goikoetxearekin. (Ane Maruri)

Jai Alaiko hainbat horma ere Goikoetxeari buruzko argazki eta egunkarietako irudiekin bete dituzte, omenaldi gisa, eta amaieran, gorriko berezi bat oparitu dio Eraman enpresak zumaiarrari. Gotzon Enbilen eskutik, berriz, beste oroigarri bat jaso du. Urte askoan izan ziren bikote kantxa barruan bi zumaiarrak.

Partidaren ondoren egindako adierazpenetan, Unai Lekerikak azpimarratu du "ohorea" izan dela berarentzat Goikoetxearekin jokatu izana, eta ildo beretik mintzatu da zumaiarra: "Plazera izan da Unairekin jokatzea, eta nahiz eta txapelketa irabazi ez, lagun bat irabazi dut", esan du.

Goikoetxeak aitortu du gaur "pisu handi bat gainetik kendu" duela.  "Kirola maila on batean utzi nahi nuen. Ondo pentsatuta neukan. Pozik nago egindako ibilbidearekin, eta orain beste modu batera gozatuko dut", adierazi du. Herritarrak eta familia ere gogoan izan ditu: "Eskertzen da herrikoen berotasuna eta babesa. Familia eta lagunak ere gogoratu nahi ditut; aita etxean egongo da urduri. Eta babesleen babesa ere azpimarratu nahi dut". Pilotalekuan, zaleen artean izan ditu ama, bikotea eta seme-alabak.

Kirola utzi arren, Goikoetxeak zesta puntari erabat lotuta jarraituko du hemendik aurrera, kirol zuzendari ariko baita txapelketa hau antolatzen duen Eraman Jai Alai enpresan.

Bestalde, ETB1 telebista kateak aurreratu du Goikoetxeari buruzko erreportajea eskainiko duela aste batzuk barru; ez alferrik, zesta puntaren historiako jokalaririk handienetakoa izan da zumaiarra.