Iñaki Osa Goikoetxearen karrerako azken partida zuzenean telebistaz ikusteko aukera izango da bihar

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 17a, 11:47

Gernikan, bere frontoi gustukoenean, esango dio agur bere kirol ibilbideari bihar eguerdian puntista zumaiarrak. Ez da nolanahiko agurra izango, gainera,Winter Serieseko finala jokatuko baitu Lekerika lagun duela, eta ez hori bakarrik; aurrez aurre Erkiaga eta Ibarluzea izango ditu.

Iñaki Osa Goikoetxeari iritsi zaio agur esateko ordua. Inoizko puntista onenetakoa izan denak bihar, hilak 18, amaituko du bere kirol ibilbidea, eta ezin bereziagoa izango du azken partida: Winter Serieseko finala jokatuko du Lekerika bikote duela eta aurrez aurre Erkiaga eta Ibarluzea izanda.

Finala, gainera, bere frontoi gogokoenean izango da, Berriari aste honetan bertan aitortu dionez, eta ETB1 telebista kateak zuzenean eskainiko du partida, 12:00etan hasita. "Asmoa disfrutatzea" izango duen arren, zumaiarrak aitortu du "zaila" izango dela hori. Gustura da, hala ere: "Inoiz ez nukeen imajinatuko hainbeste urte eta gero ibilbidea tontorrean amaitzea, txapelketa garrantzitsueneko finala jokatuz".

Irabaztera aterako da zumaiarra, eta baita Unai Lekerika ere, iaz tanto bakarragatik ihes egin baitzion txapelak horri. Ez dute erraza izango, ordea, aurkari gogorrak izango baitituzte. Hain zuzen, partidako lau protagonistei eta finalari buruz hainbat adituren hitzak jaso ditu Busturialdeko Hitzak erreportaje honetan.

Bihar irabazi ala galdu, herritarren harrotasuna aspaldi irabazita dauka Iñaki Osa Goikoetxeak.