Zumaiako artisten erakusketak eman dio hasiera Etxape zentroaren lehen urteurreneko ekitaldiei

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 3a, 15:30

Eguerdian zabaldu dute erakusketa zentroan bertan. Arratsaldean, bazkariaren ondoren, antzerki saioa izango dute.

Etxape zentro sozialistaren lehen urteurrena ospatzen ari dira gaur Aita Mari auzunean atondutako lokalean. Hala, hasteko, Zumaiako artisten erakusketa zabaldu dute eguerdian zentroan bertan. Diziplina desberdinetako lanak daude bertan ikusgai, argazkiak, margoak, etab. Horiez gain, duela hamarkada batzutako sindikalgintzako edo mugimendu politikotako pegatinen bilduma ere erakutsi dute erakusketa. Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, erakusketa hau ikusgai izango da datozen egunetan ere.

Bazkariaren ondoren, arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Ekida taldeak sortutako Plaza hau gurea da antzezlana ikusteko aukera izango dute. Eguraldia lagun, kanpoaldean egingo dute, Aita Mariko haurreskolako atzealdean dagoen plazan. Erakusketa bezala, ekitaldi hau ere herritar orori zabalik izango da.