Etxape zentro sozialistaren urteurrena ospatuko dute datorren larunbatean

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 30a, 10:00
Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kide Aitor Tena, zentroaren ate aurrean. (Juan Luis Romatet)

Herriko artisten erakusketa, bazkaria eta antzezlana antolatu dituzte larunbat honetarako. 2022ko azaroaz geroztik lokala egokitzen aritu dira Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideak.

Iazko Aste Santuan zabaldu zuten Aita Mari auzuneko lokal huts batean egokitutako Etxape zentro sozialista. Haren lehen urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta prestatu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak datorren larunbaterako. "Goiz eta arratsalderako egitaraua prestatu nahi izan dugu", azaldu du kontseiluko kide Aitor Tenak. 

Hala, erakusketa, bazkaria eta antzezlana antolatu dituzte larunbaterako. "Eguerdi partean, herriko artisten erakusketa zabalduko dugu areto nagusian. Saiatu gara hainbat diziplinatako lanak biltzen, artista bakoitzari bere lanaren adibide txiki bat eskatuta, ahalik eta anitzena izateko. Jarraian, bazkaria izango dugu, eta, arratsaldean, Ekida arte ekimen sozialistak egindako Plaza hau gurea da antzezlana izango da. Orain gutxi aurkeztu dute Oñatin [Gipuzkoa], eta Zumaiaz aparte, beste zenbait lekutan ere antzeztuko dute". Ekitaldiak, eguraldiaren arabera, barruan edo kanpoaldean egingo dituzte. "Ekintzak irekiak izango dira, eta herritar oro bertara daiteke".

2022ko azaroan okupatu zuten bi hamarkada luzez hutsik egon zen lokala. Espazio haren okupazioak jabegoak jarritako zenbait salaketa eragin bazituen ere, Tenaren esanetan, gaur-gaurkoz ez dago mugimenduko kiderik auzipetuta. 

Denbora honetan, iazko apirilean egindako inaugurazio ekitaldiaren aurretik zein ondoren, espazioa atontzen aritu direla nabarmendu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideak. "Erabilpenik ez izateak nabarmen kaltetu du espazioa. Inaugurazioa egin genuen, baina oraindik ere lanean jarraitzen dugu, bai publikora zabalik dauden espazioetan, areto nagusian zein bulegoan, baina baita oraindik egokitu gabe dagoen eta pixkanaka martxan jarri nahi dugun gunean ere". 

Lan horiek guztiak auzolanean egin dituztela ere azpimarratu du Tenak. "Ez da espazio soil bat, zerbait gehiago da, gure ideiak ere islatzen ditu eta. Atontze lan hauekin erakutsi nahi dugu gizartea antolatzeko beste modu batzuk daudela eta hemen egin diren lanketak elkartasunaren logikaren barruan antolatuta gauzatu direla".

Mugimendu Sozialistak oro har erabili izan dituen beste gune batzuetatik ezberdintzen ditu Tenak zentro sozialistak. "Hemen, kostaldean, gaztetxeak badaude Zarautzen, Orion, Getarian edo Zumaian. Baina Etxape zentro sozialista bezalako gutxi daude Gipuzkoan. Esklabak zentro sozialista dago Azpeitian, eta Beasainen, Bergaran eta Donostian daude besteak". Urola Kostako Kontseilu Sozialistari lotutako gunea izanik, Etxaperen erabilera eskualde mailara lotuta dagoela dio zumaiarrak, nahiz eta antolatutako ekintza gehienak orain arte Zumaiako biztanleriara zuzenduta egon.

Egoitza politiko eta soziala

Mugimendu Sozialistaren antolakuntzarako "ezinbesteko gune" gisa definitu du Tenak zentro sozialista. Horrez gain, arlo soziala ere landu nahi izan dutela azaldu du. Hala, Laneko Autodefentsa Sareak Etxapen aurkitu du aterpea. "Lehen ere ematen zuen aholkularitza zerbitzua telefonoz edo posta elektronikoz, baina orain bulegoa du zentroan". Gela hori iaz aurkeztu zuten Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuarekin partekatzen dutela dio.

Udazkenetik hona eskola material bilketa eta errefortzu eskolak ere abiatu dituzte Kontseilu Sozialistako kideek. "Existitzen den arazo bat azaleratu nahi izan dugu. Hurrengo urteetan jarraitu ahal izateko perspektibarekin sortu ditugu proiektu horiek denak".

Egitaraua

Otsailak 3, larunbata
12:30. Zumaiako artisten erakusketaren irekiera. Parte hartuko duten artistak: Elena Rodriguez, Julen Mrkpa, Llavori, Malen Lope, Ion Brakamonte eta gehiago. 
14:30. Bazkaria. Tiketak Nikol tabernan daude salgai, 10 euroan.
18:00. Ekida taldearen Plaza hau gurea da antzezlana.