Zumaiarren doinuak

Esti Iruretaren doinuak

Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 09:30

Zumaiako Udaleko turismo teknikaria da Esti Irureta. Musikazale porrokatua ere bada, eta gogoko dituen bost abesti aukeratzeko eskatu dio Baleikek.

Oso oso zaila da niretzako bost abesti aukeratzea. Bost aukeratu ditut baina bost izan zitezkeen lasai asko. Talde edo musikari bezala egin duten guztia gustatzen zaidalako aukeratu ditut bost hauek 

1. Mecano: Mujer contra mujer

Abesti bat edo beste izango da gustatzen ez zaidana, baina asko ez, ikaragarri gustatzen zait talde hau. Nire anai-arrebak ekartzen dizkit gogora; helduagoak ditut anai-arrebak eta txiki-txikitatik dut oroitzapena Mecano entzutearena etxean, eta ez diot inoiz taldea entzuteari utzi. Gaur egunera arte entzun izan dut, bizitza guztian. Ahal dudan guztietan ikusi dut zuzenean; musikalak, tributoak, dena; asko emozionatzen naute. Mujer contra mujer hau homosexualitateaz aritzen zen lehen abestietakoa izango zen. Garai hartan polemikoak izan zitezkeen gaiak polemikarik gabe tratatzeko gai izaten ziren. 

2. Hertzainak: 564

Nerabezarora pasatuta, Hertzainak taldea dago. Denetik entzuten genuen, musika euskaldun asko ere bai, eta Hertzainak izan da garai hartako talde gogokoena niretzako. Asko bete izan nau, eta Gasteizen izan zen azken kontzertuan ere izan nintzen. Kuadrilako eta lagun arteko giro hori gogoratzen dit. Egoera politikoa ere islatzen du taldeak. Motibazio edo pentsamendu desberdineko gazteak Hertzainaken abestiak kantatzen sortzen zen batasuna ekartzen dit burura. Abesti hau oraindik ere nire Spotifyko nire playlistean daukat. Kantak kentzen eta sartzen aritzen naiz, eta hau beti hor mantentzen da. 

3. Queen: Don’t stop me now

Denboran aurrera eginda Queen dago. Don’t stop me now aukeratu dut asko gustatzen zaidalako. Energia eta rollo ona ematen dit, mundua jateko gogoa eta indarra. Dantza ere asko gustatzen zait, eta edozein tokitan nagoela entzuten badut, atentzioa hara joaten zait; barruraino sartzen zait. Queenen dena gustatzen zait, den-dena. Freddie Mercury erregea da. 

4. Tina Turner: Proud Mary

Emakume musikari asko oso gustuko ditut, baina denen gainetik Tina Turner: rockeko erregina da. Pertsona bezala, emakume bezala, izan duen eboluzioa, bizitzarekiko erakutsi duen jarrera, erresilientzia. Gero, erakusten du nola abestu eta dantzatu daitekeen, askotan biak batera, zuen energia horrekin. Eta irribarre hori ere hor dago; mugimendu horiek irribarre horrekin, ematen dit gogoa Tina izateko. Hemen ere zaila da abesti bakarra aukeratzea, baina dago bat, Proud Mary, entzuten dudanean dantzan jartzen nauena. Haren inguruko musikalak eta ikusi ditut, baina pena dut Tina zuzenean ikusi ez izana. 

5. Louane: Je vole

Hau orain urte gutxikoa da. Entzun nuen eta segituan geratu nintzen kantarekin. Hegan egiten dut du izena kantak, eta gurasoen etxea utziko duen neska gazte baten hitzak dira. Nik gaur egun etxean dudan egoera ekartzen dit burura: seme-alabak hazita ditut, hegan egingo dute, nahi duzu hegan egitea, baina, aldi berean, pena ematen dizu. Nerabe edo gazte batek kantatuta da, eta orain bizi dudan situazio hori gogorarazten dit.