Zumaiarren doinuak

Irati Azpiazuren doinuak

Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 09:30

Historialaria eta historiazale amorratua da Irati Azpiazu astelehenetik ostiralera, bai eta noizbehinka asteburuetan ere. Zeharkako flauta ikaslea izandakoa da, nahiz eta egun instrumentua logelako kajoian abandonatuta duen –batek daki zergatik–. Edonola ere, musikajole moduan jarraitzen ez badu ere, musika entzuteaz gozatzen du egunerokoan.  

1. Itoiz: Taxi horiak

Egia esan zaila egiten zait Itoizen abesti guztietatik bat aukeratzea, baina hau da gehientsuen gustatzen zaidanetako bat. Beti iruditu izan zaizkit interesgarriak Itoizen kantuak, batez ere doinuei dagokienean. Hori ez ezik, oroitzen naiz txikia nintzela gehien entzuten nuen taldeetako bat zela etxean haien diskak genituela eta. Beraz, esan dezaket horregatik ere baduela kutsu berezi bat taldeak niretzat, haurtzarora eramaten nauelako, nolabait. 

2. Jahgoiko eta Reggaezarra: Mary Anne

Duela urte batzuk ezagutu nuen taldea, eta hautaturikoa da entzun nuen euren lehen abestia. Motibatu eta animatzen nauten doinuak ditu taldeak orokorrean, baina batekin geratu beharko banu hau izango litzatekeela uste dut. Izan ere, asko maite ditudan bi kontu uztartu edo konbinatzen ditu: reggae doinuak eta muxikoak.  

3. Skabidean: Hilarria

Esan nezake egunerokoan entzuten dudala Iruñerriko talde hau. Egiazki, taldearen abesti gehienek daukate xarma berezia; batzuk alaiagoak eta festa girorako aproposagoak dira, eta beste batzuk, aldiz, goxoagoak eta lasaiagoak. Hautatu dudan abestia bereziki ederra iritzi dut, doinu oso atsegina duena. Baina horrez gain balio handiko letra ere badu, 1978ko San Ferminetan Iruñeako zezen plazan poliziak hildako German Rodriguez Saiz baitakar gogora. Hots, memoria historikoaz dihardu; egia, justizia eta erreparaziorako deia egiten du, alegia. Hori izan izan da, hain zuzen, taldearen abesti guztietatik hau aukeratzeko zioa, ederra izateaz gain Germanen memoria gordetzen duela eta merezi duen aitortza egiten diola, finean.  

4. Xiberoots: Oihanian

Lasai nagoenean edo/eta lasai egon nahi dudanetan entzuten dudan kantua da, barrenak baretu eta egote soilaz gozatzeko lagungarria batzait oso. Letra Etxahun Iruri zuberoarrarena da izatez, eta Xiberoots taldeak jarri dio doinua, doinu zinez polita, gainera. Letrak baditu bertsio gehiago ere, baina talde zuberoarrak eginikoa dut kuttunena. Baliteke ez izatea ezagunena ez Etxahun Iruriren hitzen ez Xiberootsen abestien artean, baina agian faktore hori bera da deskonektatzeko hain aproposa bilakatzen duena ere.  

5. Ganibet: Xorieri

Michel Labeguerieren Xoriei mintzo zen abestiarekin egindako bertsioa da honakoa, izatez duela aste gutxi ezagutu nuena. Erramun Martikorenarena da kantuaren bertsio ezagunena beharbada; hori ere betidanik gustatu izan zait, eta tartean tartean entzuteko joera izaten dut. Bertsio honek, baina, nahiko engantxatuta nauka, behin eta berriz jarraian entzuteraino. Asko motibatzen nau egia esan, atseginak ditudan letra eta doinuak baititu, baina egungo musikaren estiloetara egokituta. Bertsioan asko gustatzen zaidan beste ezaugarri bat zera da, jatorrizko bertsioan maskulinoan agertzen diren hitzak, izatez gizakiari erreferentzia egiteko baliatzen direnak, generorik eslei ezin dakieken hitzekin ordezkatu dituztela.