Herriko gazteek hasi dute asanbladako 17. urteurrena ospatzeko festa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 25a, 16:30
Zumaiako hainbat gazte elkarrekin bazkaltzen, Gaztetxean egindako bazkari autogestionatuan. (Zumaiako Gazte Asanblada)

Nork bere etxetik eramandako otorduarekin bazkaria egin dute gaztetxean eta 17:00etatik aurrera jarraipena emango diote hainbat musika ekitaldirekin.

Zumaiako Gazte Asanblada eraberrituak bigarren urteurrena ospatzeko eguna du gaurkoa. Dena den, haren aurretik izan zena gazte taldeak egindako lana ere ez du ahaztu egungok. Horregatik, 15+2 deitu du gaurko festa eta hamazazpigarren urteurrena ospatzeko festa da antolatu duena, eta, hasi dute dagoeneko.

Zumaiako Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko manifestazioan kalera aterata abiatu dute egitaraua. Protesta gaztetxe aurrean amaitu denez, bertan jarraitu dituzte ospakizunak bazkari autogestionatuarekin. Nork bere etxetik eraman du jatekoa eta elkarrekin bazkaldu dute.

Nolanahi ere, arratsaldekoak izango dira ekitaldi nagusiak. 17:00etan hasita Hamarru Elektrottarangako kideek saio berezia eskainiko dute herriko kaleetan; izan ere, mikrofonoa eta instrumentuak bertaratuen eskura jarriko dituzte une batez musikari eta elektrotxaranga bateko kide sentiarazteko. Nolanahi ere, joko dituzten abestien zerrenda aurrez zabaldu dute ez usteko handirik izan ez dadin eta instrumenturen bat jotzera edo abestera animatu nahi dutenek kantuak prestatzeko aukera izan dezaten.

Antolatzaileek aurreikusi dutenez, 20:00ak aldera amaituko da Hamarruren saio irekia gaztetxean, eta herriko beste hiru musika taldek hartuko diete lekukoa bertan. Eirek, diskoa estreinatu berri duen Akaleiak eta Bikabik, hain zuzen ere. Zuzeneko musika laguntzeko edatekoa eta pintxoak eskainiko dituzte, gainera.