Musika eta jan-edana izan dira protagonista San Migel jaien hasieran

Intza Trula 2023ko ira. 29a, 16:00

Giro ona lagun dutela hasi dituzte San Migel jaiak Artadi auzoan. Goizean goiz bota dute jai hasierako txupinazioa, eta ondoren meza nagusia, afizionatuen lehen mailako pilota partida eta txakolin dastaketa izan dituzte auzotarrek.

Gogotsu eta eguraldi bikainarekin eman diete hasiera gaur goizean San Migel jaiei Artadin. Jan-edana, musika eta lagunartea izan dira protagonista auzoan, eta arratsaldean zehar ere izango dute herritarrek festarako aitzakia.

Jende ugari bertaratu da goizean goiz jaiei hasiera emateko txupinazora, eta baita afizionatuen lehen mailako pilota partida ikustera ere. Halaber, eguerdi partean, 11 txakolin ezberdin dastatzeko aukera izan dute txakolin dastaketan, Antsorregi eta Larrañaga trikitilarien laguntzarekin. Ondoren, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariek hartu dute hitza oholtza gainean. 

Honakoa da arratsalderako eta biharko egitaraua:

Gaur, ostirala, Mikel Deunaren Eguna

  • 17:00. Artadiko Alkaziari gorazarrea. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Trikitilariak: Antsorregi eta Larrañaga.
  • 21:30. Artadi Gazte Kontzertuak: Rock!, FUNKranga, Pig&Kiss eta Hoben.

Bihar, larunbata

  • 11:30. Haur eta gaztetxoentzat herri kirol jokoak.
  • 12:00. Puzgarriak nahieran. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria. Izena emateko telefono honetara idatzi behar da mezua: 722-71 38 16.
  • 16:30. Puzgarriak eta apar festa. 
  • 19:00. Sagardo dastaketa. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • 21:00. Bertso afaria. Izena emateko telefono honetara idatzi behar da mezua: 722-71 38 16. Bertsolariak Iker Zubeldia eta Maialen Lujanbio. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
  • Ondoren, jai amaierako txupinazoa.