Kalparsororen heriotzetik 30 urtera, egia aldarrikatu dute ekitaldi batean

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 27a, 09:21

Gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako heriotzei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor zaizkiela aipatu dute. Egia jakiteko garaia dela nabarmendu dute beste urte batez.

Xabier Kalparsoro Anuk 26 urteko gaztea hil zela 30 urte bete ziren atzo, eta "haren heriotza ilunaren atzean" urteak beste zalantza daudela salatu dute beste urte batez Zumaian. Izan ere, Egiari Zor fundazioak eta Hegiak memoria elkarteak antolatutako ekitaldia izan zen atzo iluntzean Moilaberri parean, eta memoriak guztien ondarea behar duela izan aldarrikatu zuten.

Gatazka politikoaren testuinguruan gertatu diren heriotzei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor zaizkiela nabarmendu zuten ekitaldian, "diskriminaziorik eta salbuespenik gabe". Hori "errazegi eta sarritan" esan arren, "estatuaren bortxa pairatu dutenen artean errealitate bilakatzea oso zaila" izaten dela ere gehitu zuten.

Izan ere, haien hitzetan, "egiarako duten eskubidea" ukatzen zaie. Bertsio ofizialaren pisua aipatu zuten: "Hemen gaudenok memoria dugunetik ezagutu dugu bertsio ofizialen pisua, dimentsioa, eragina... Instantzia ofizialetatik gatazkaren esparruan gertatutako heriotza ugariren inguruan eraikitako bertsioak ezagutu ditugu. Bertsio horiek funtsezkoak izan dira giza eskubideen aurkako ekintzak justifikatzeko, boteretik erabilitako indarkeria legitimatzeko eta zigorgabetasunez estaltzeko".

Kalparsororen heriotzaren kasuan ere hala izan zela aipatu zuten: "Haren heriotzaren inguruan emandako bertsio ofizialak argitu gabeko galderez eta itzalez josita dirau. Are gehiago: 1993ko abuztutik urte hartako irailaren 26an Bilboko poliziaren komisariako bigarren pisuko leiho batetik erori osteko zaurien ondorioz Basurtuko ospitalean (Bilbo) hil arteko denboran gertatutakoa ez da argitu oraindik. Uste dugu badela garaia kasu honen gainean argia jartzeko eta erantzun gabeko galderei eusteko. Egia jakiteko garaia da".

Ekitaldiaren amaieran aipatu zuten Euskal Herriak "bortxazko historia luzea" duela, eta "bortxa horren ondoriozko gertakizun guztiak memoriaren parte" direla. "Memoriak, beraz, denon ondarea behar du izan", amaitu zuten.

Gertakarien bertsio ofiziala

Era berean, ekitaldian gogoratu zuten Kalparsorok 1991n egin zuela ihes Zumaiatik. Bi urtera atxilotu zuten, baina aurrez jakinarazi zion ETA erakundeari bahitu egin zutela, bahiketak iraun bitartean drogak eman zizkiotela eta 23 egunez burua erabat galduta egon zela. Ertzaintzaren jarrera salatu zuen Anukek.

Ekitaldian zehaztutakoaren arabera, urte hartako irailean atxilotu zuten Durangoko (Bizkaia) bi udaltzainek, furgoneta bat lapurtu nahian ari zenean. Espainiako Polizia Nazionalaren Indautxuko (Bilbo) egoitzara eraman zuten egun hartan. Bertsio ofizialaren arabera, Kalparsorok harekin zegoen polizia bakarrari bultza egin zion, lurrera bota zuen, eta jarraian, bere burua polizia etxeko leihotik bota zuen. Bi egunera hil zen, Basurtuko ospitalean.