'Anuk.eus' webgunea plazaratu dute Kalparsororen heriotzaren urteurrenean

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 26a, 15:00

"Oraindik argitu gabe dauden gertaeren inguruko azalpenak" bildu dituzte webgunean. "Egia ofizialaren faltan", gertatutakoa herritarren esku utzi nahi du webgunea argitara eman duen Hegiak memoria elkarteak. 

Xabier Kalparsororen heriotzetik 30 urte igaro dira, eta Hegiak memoria elkarteak urteurrena baliatu du anuk.eus webgunea plazaratzeko. Webgunearen sortzaileen hitzetan, "oraindik argitu gabeko azalpenak" bildu dituzte bertan, eta "egia ofizialaren faltan", herritarren esku utzi nahi izan dute gertaturikoa. 

Kalparsororen heriotzarekin eta atxiloketarekin zerikusia duten gertaeren ikuspegi zabala eskaintzen du webguneak. Durangoko atxiloketa eta Ertzaintzaren atxiloketa, besteak beste. Kalparsoro nor zen eta 80 eta 90eko hamarkadetako testuinguru politiko eta sozialaren zenbait zertzelada ere ematen ditu. 

Argazki, kontakizun, hemeroteka, bideo, audio nahiz bibliografia gomendioz osaturiko plataforma da anuk.eus. Dena den, nabarmendu dute egitasmoaren balio erantsia dela lan boluntarioz sortu izana: "Webgune hau herritar boluntarioen militantzia eta ekarpenaren emaitza da, bere osotasunean: Dokumentazio lana, webgunearen diseinua eta garapena, dokumentuak aurkeztu dituzten senideen ekarpena, argazkilarien lankidetza, webgunea itzuli dutenen dedikazioa...". Proiektua "komunitatearen indarraren eta memoria historikoa gorde eta sortzeko konpromisoaren erakusle" dela uste dute, beraz. 

Arratsaldean, ekitaldia

Egiari Zor Fundazioarekin batera, Xabier Kalparsororen heriotzaren urteurrenaren harira haren heriotza argitzeko ekitaldia egingo du Hegiak memoria elkarteak. Moilaberri parean izango da, gaur, 19:00etan. 

Azken hamarkadetan izandako estatu indarkeria kasuen inguruan ahaleginak batu eta koordinatzeko sortu zen Hegiak memoria elkartea, otsailean. Honakoak dira beren helburuak: estatuen aldetik euskal herritarrek
jasandako indarkeria kasuak ikusaraztea; biktimei egia, errekonozimendua eta erreparazioa bermatzeko lan egitea; kasu horiei buruzko sentsibilizazioa eta zabalkundea sustatzea, eta Euskal Herriko gatazkaren inguruko kontakizun anitza bermatzea. Webgunearen sorrera lehen ekimena den arren, dibulgazio ekimen gehiago egiteko asmoa du elkarteak.