Zumaiarren doinuak

Maddi Gallastegiren doinuak

Erredakzioa 2023ko ira. 6a, 09:37

Maddi Gallastegi. (Maria Maya Manterola)

Irakaslea eta musikazalea da Maddi Gallastegi. Letra-egile noizbehinka, kontzertuak antolatzen batzuetan, kontzertuez gozatzen gehienetan. Gogoko dituen bost abesti aukeratu ditu atal honetarako. 

Itzultzen banaiz (Ginger)

"Etxeko uzta: zarauztarrak, gertukoak, lagunak. Mor More, Managaitz, Pottors eta Klito, Giranice... aurretik hainbat taldetan aritutako musikari ederrez osatutako talde gazte eta punteroa, jende ona! Distortsio dantzagarriak. Abesti hau bereziki gustuko dut hitzengatik, eta progresiboki indarra hartzen doalako amaieran lehertzen den arte".

Pakean utzi arte (Verde Prato)

"

"Ana Arsuagaren Euskal Pop Erradikala LPtik Hertzainaken coverra aukeratu dut. Kantu berezia delako bai, kontatzen duenagatik, eta, baita, bizitza osoan zehar entzun, kantatu eta dantzatu ditugun abesti horietako bat izateagatik ere. Omenaldi probokatzailea izan daitekeena, iruditzen zait are bereziago egin duela, memorian grabatuta ditugun abestiak transformatzen asmatu duela eta lehen bezala edo gehiago maite dudala orain".

Utz nezazu (Bilau)

"Ainhize-Monjoloseko laukotea. Bilboko antzokian ezagutu nituen, iaz, aspaldian ikusi dudan zuzenekorik ederrena izan zen. Laurak borobilean eserita elkarri begira, trantzean; bibolina, gitarrak, biolontxeloa, Elorri eta Paxkalen ahotsak... Ikaragarria".

Amalur (Kashbad)

"

"Unibertsitateko lehenengo urtean ezagutu nuen Kashbad. Gasteizen ezagututako lagun batek pasa zidan lehenengo diskoa, kopiatu eta jarraian eskatu nizkion beste biak. Erritmo biziak, Sorkunen ahotsa... buf, orduan ez nuen besterik entzuten, diskoak nazkatu arte. Gerora zuzenean ikusteko aukera ere izan genuen Gasteizko gaztetxean. Orain entzuten dudan bakoitzean garai hura dakarkit gogora".

Desertico (Gata Cattana)

"

"Duela urte batzuk Vallecasetik zetorren IRA rap taldearen kontzertua ikustera joan ginen Dokara. Kontzertua hasi aurretik Unai Muguruza  -orduan taldeko DJa- musika jartzen hasi zen, eta gogoratzen dut lehenengo kantuarekin txundituta geratu nintzela. Mobila atera, shazama piztu eta Gata Cattanaren Lisistrata abestia zela jakin nuen. Horrela ezagutu nuen Kordobako poeta eta rapera hau, ordurako hila zena, baina letra eta soinu banda ikaragarria utzi diguna eta sekula isildu ez dena".