Zumaiarren doinuak

Juan Luis Romateten doinuak

Erredakzioa 2023ko abu. 16a, 09:00
Juan Luis Romatet Madrilgo diskoen denda batean. (Utzitakoa)

Orain gutxira arte Juan Luis Romateti tokatu izan zaio jendea konbentzitzea gogoko dituzten bost abesti aukeratzeko, baina orain berari dagokio aukeraketa egitea. Bost, 50 edo 500 aukeratuko lituzke, baina atal honetarako momentu honetan okurritutako bost abesti hautatu ditu. 

It’s the end of the world as we know it (and I feel fine) (R.E.M.)

"El padre Abraham y los pitufos izango zen nire lehen diskoa (uste dut oraindik ganbaran dudala). Serio jarrita, gustuko talde asko ditut, baina gogokoenen artean kuttunena R.E.M. talde estatubatuarra dut. Television Españolan ematen zuten Metropolis saioaren bidez ezagutu nuen eta aste horretan bertan erosi nuen kanta hau jasotzen duen Document diskoa Donostiako Alde Zaharrean zegoen disko denda batean. 16-17 urte izango nituen. Denborarekin beraien disko guztien jabe egin naiz eta nahiz eta beraien musika ez dudan lehen bezainbeste entzuten –gauza berriak ere entzun behar dira–, haien diskoren bat jartzen dudan bakoitzean diskografia osoa entzuteko gogoa izaten dut".

Teenage riot (Sonic Youth)

"Ume moko bat nintzenean ez nintzen kontzertuetara joaten, nahiz eta etxe ondoan izan; nahiago nuen etxean geratu serie Bko edozein film ikusten. 1990eko irailaren 29an aldatu zen guztia. Egun horretan Sonic Youth talde estatubatuarrak jo zuen Itziarren, Txitxarro dantzalekuan, eta han joan ginen lagun talde bat. Ordurako beraien Daydream Nation disko bikoitza erosita nuen. Abesti hau zen diskoko lehen kanta. Kontzertua txundigarria izan zen, zaratatsua, belarriko soinu galantarekin jaitsi nintzen herrira. Sarrera oraindik ere gordeta daukat. Ume moko hari zuzenekoaren pozoina sartu zioten, eta oraindik ez dut aurkitu harentzako bakunarik".

Zerbait ezberdina (Ama Say)

"A zer poza hartu nuen Ama Say atera zenean! Bai, euskal musikan M-ak gustatzen zitzaidan, Itoiz ere bai, baina euskal rock erradikala ez nuen gogoko. Eta nondik eta Ortuellatik atera zen nik gustuko nituen musika estiloak uztartzen zituen taldea: punka, post punka, rocka; Pixies eta Sonic Youth, euskaraz eta ingelesez abestutako kantetan. Oso gutxi iraun zuen, hiruzpalau urte, eta denbora horretan bi disko eta ep bat atera zituen. XXI. mendean bitan bueltatu dira eta hemengo mozolo hau berriro 20-22 urte izango balitu bezala sentitu da. “Ama Sayren jarraitzaileak oso fanak dira”, esan zidan Salda handiak Azkoitiko Matadeixen jo bezperan, eta bai, egia da, halakoak gara".

Harriak (Anari)

"Onartu behar dut ez naizela abestien letrei kasu handirik egiten dion pertsona. Josele Santiagok Los Enemigosentzako egindako letrek txunditzen naute, baina sarritan nahiago dut Ramonesen Hey ho, let’s go bezalako zerbait. Anarirekin ez zait hori gertatzen. Lehen diskoa atera zuenetik jarraitu dut bere ibilbidea, baita bere hitzak irakurtzen eta ulertzen saiatu ere. Abesti hau dut gogokoen; zuzenean jotzen duen bakoitzean, taldearekin –a zer banda duen– bada hobe, burua dantzan jartzen dit. Bost minutu pasa irauten du eta Dylanen kanta onenekin gertatzen den bezala, beste hainbeste iraungo balu kexa handirik ez nuke egingo".

Fairlies (Grian Chatten)

"Atzera begiratzea ondo dago, baina Canal Nostalgia sintonizatu gabe. Aurrera ere begiratu behar da, eta azken urteotan gehien gustatu zaidan talde edo musikarietako bat Fontaines D.C. boskote irlandarra izan da. Iluna bezain freskoa da beraien proposamena. Hango abeslariak, Grian Chatten gazteak, bakarkako disko bat atera berri du eta Kepa Kabiri esker ezagututako Fairlies hau da bertan jasotako abestietako bat. Entzun nuen momentutik ezin izan dut burutik kendu".