Udalak "gogor" salatu du Iruñeko hilketa matxista

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 4a, 11:00
Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzeko irudia.

Hildako emakumearen familiako kideei nahiz gertukoei elkartasuna adierazi die udalak. Halaber, erakundeak bat egin du Mugimendu Feministak gaur arratsalderako deitu duen elkarretaratzearekin; 19:30ean izango da, Saregileen plazan.

Zumaiako Udalak "gogor" salatu du Iruñean gertatutako hilketa matxista, eta hildako emakumearen familiako kideei nahiz gertukoei elkartasuna adierazi die. Halaber, erakundeak bat egin du Mugimendu Feministak gaur arratsalderako deitu duen elkarretaratzearekin; 19:30ean izango da, Saregileen plazan. Herritarrek protestarekin bat egiteko deia egin dio udalak.

Iruñekoa indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako laugarren emakumea dela jakinarazi du udalak, eta erakundeak "argi" utzi nahi izan du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian, ez beste inon. "Horren aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen dugu. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboarekin jokatzea".