SARETZEN

Marokoarrak, nikaraguarrak eta errumaniarrak, Zumaiako atzerritarren komunitate nagusiak

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55
Artxiboko irudian, hainbat jatorritako zumaiarrak.

Zumaiarren %8,1ek dute Espainiakoa ez den nazionalitate bat, INEren azken datuen arabera. Kontinenteka, Amerikakoak dira gehienak, 388 guztira, baina herrialdeak kontuan hartuta, Marokoko komunitatea da nagusi. Nikaraguarrak eta errumaniarrak dira bigarren eta hirugarren komunitate jendetsuenak Zumaian.

Zumaian, eskualdeko eta Euskal Herriko herri gehienetan bezala, hainbat jatorri eta nazionalitateko herritarrak bizi dira elkarrekin. INEren datuen arabera, 2021ean 10.153 biztanle zituen Zumaiak, eta horietatik 9.329k zuten Espainiako nazionalitatea, eta 824k, berriz, atzerrikoa. Herritar guztien %8,1 dira, beraz, atzerriko nazionalitatea duten herritarrak. Kontinenteka, 27 lagun ziren Asiakoak, 196 Afrikakoak, 210 Europakoak (Espainia kenduta), eta 388, berriz, Amerikakoak.

Kostako herrietako eta, oro har, Urola Kosta eskualdeko gainerako herrietan bezala, amerikarrak ziren nagusi Zumaian ere. 2002ko datuekin alderatuta, ikus daiteke orduan jatorrietan oreka gehiago zegoela orain baino. Immigrazioaren gorakada ere agerikoa da herrian azken hogei urteetan, beheko grafikoei erreparatuz gero. Izan ere, Zumaiak 8.656 biztanle zituen 2002an, eta 207 ziren orduan espainiar herritartasunik ez zutenak; %2,3, alegia. 2021ean, berriz, portzentaje hori %8,1ekoa zen.

Bestalde, aipagarria da afrikar jatorriko herritarrak europarren kopuruetara iritsi zirela Zumaian 2017an, baina hortik aurrera berriro ere europarrek aurre hartu diete afrikarrei herrian.



Kontinente bakoitzeko herrialdeei begiratuz gero, marokoarren komunitatea da nagusi Zumaian 2021eko datuen arabera. Ondoren, Nikaraguako eta Errumaniako nazionalitatea duten biztanleak dira gehien, nahiz eta ezin den jakin zehazki zenbat diren nikaraguarrak, INEk multzo handiago baten barruan sartu baititu nazionalitate horretakoak.

Dena den, Zumaiako Udalaren datuekin kontrastatuta, baiezta daiteke hiru komunitate horiek, eta hurrenkera horretan, direla herriko atzerritar komunitate handienak. Izan ere, udaleko datuen arabera, 2020an 115 pertsonek zuten Marokoko jatorria, 76k Nikaraguakoa, eta 62k, berriz, Errumaniakoa.

 

Azpimarratzekoa da, gainera, marokoarren komunitateak azken hogei urteetan izan duen gorakada, beheko grafikoan ikus daitekeenez. Hala irizten dio Bilal Meftah gazteak ere. Aitona duela 50 urte etorri zen lanera Marokotik Zumaiara, bere amak 5 urte inguru zituela, eta aita ere marokoarra du. Bere istorioa kontatu du Meftah-k.

Bestalde, aipagarria da generoari dagokionez, orekatua dela marokoar nazionalitatea duten gizonezko eta emakumezkoen kopurua, %50 eta %50 baitira. Atzerritar guztiak kontuan hartuta ere parekatsu daude, 450 baitira emakumezkoak (%55), eta 374, gizonezkoak (%45).

Oreka hori galdu egiten da, ordea, amerikarren kasuan. Izan ere, kontinente horretako 235 emakume zeuden 2021ean Zumaian, eta kontinente bereko 153 gizon. Ehunekoetan esanda, emakumeak dira herrian bizi diren amerikarren %61, eta %39, berriz, gizonezkoak.