SARETZEN

Bilal Meftah: "Etxean arabieraz bakarrik egiten dugu, ohitura eta hizkuntza ez galtzeko"

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55
Bilal Meftah, artxiboko irudian. (Utzitakoa)

Euskalduna eta marokorra izateaz iritzia eman du 28 urteko gazte zumaiarrak. Marokoarrena da herriko komunitate jendetsuenetakoa gaur egun.

Ramadan betean da Bilal Meftah zumaiarra, beste hainbat musulman bezala. Aitona zuen marokoarra, eta duela 50 urte inguru iritsi zen Zumaiara lanera; Meftah-ren amak 5 urte inguru zituen etorri zenean. Aita ere marokoarra du.

Berak eta bere anai-arrebek sustrai marokoarrak dituzte, eta kultura nahasketa, euskalduna eta marokoarra: "Etxean arabiarrez bakarrik egiten dugu ohitura eta hizkuntza ez galtzeko, gu jaio ginenean marokoarrik ez zegoelako Zumaian. Duela urte gutxi etorri ziren herrira; orain lauzpabost urtera arte marokoar gazterik ez nuen ezagutzen".

28 urte ditu Meftah-k, eta argi dauka bere sustraiei eutsi nahi diela. Orain zortzi urte inguru zabaldu zuten meskita herrian, "eta horri esker, umeak eta gazteak arabez ikasten ari dira, baita Corana ere. Erraztasuna da hori, ni txikia nintzenean halakorik ez zegoelako herrian bertan". Elkarte batek kudeatzen du meskita, eta musulman guztiak ostiraletan bertan elkartzen direla azaldu du, izan marokoarrak, senegaldarrak nahiz beste jatorri batzuetakoak.

Meftah-k ramadana egitea eta meskitara joateak ez ditu harritzen kuadrillakoak. "Ohituta daude. Txikitatik egin dudan zerbait da, eta barneratuta dute". Lagun asko Marokora berarekin joan izan direla esan du, eta herrialdea bertatik bertara ezagututa, "beraien begiekin ikusten dutenean, beste ikuspuntu batetik ikusten dute dena".

Aurreneko hitza gaztelaniaz

Geneak marokoarrak edukita, ezagutzen ez dutenek lehen hitza gaztelaniaz egin ohi diotela kontatu du. "Euskaraz erantzuten diedanean, ohikoa izaten da entzutea zeinen ondo egiten dudan euskaraz, eta halako komentarioak. Hemen jaiotakoa naiz, ordea", esan du.

Horrelako kontuek molestatu edo nekatu egiten duten galdetuta, Meftah-k esan du normalizatuta duela, eta "jendeari begiak irekitzeko" balio duela uste du. "Gaur egun marokoar euskaldunak badaude, euskaraz ondo egiten dutenak eta egunerokotasunean euskaraz bizi direnak. Jende askok ez daki hori, baina gero eta gehiago daude. Ume guztiek egiten dute euskaraz".