Ostiral honetan GRIko Enpresa Batzordeak manifestazioa deitu du GRI Castings enpresaren zuzendaritzak hartutako erabakia iraultzeko

Intza Trula 2023ko mar. 22a, 11:30
GRI enpresako langileak martxoaren 17ko protestan (Urtzi Oteiza).

Zestoako GRI Castings-eko Enpresa Batzordeak txosten teknikoaren azalpenak eta argudiaketak azaltzeko bilera izan du zuzendaritzarekin.

Ostiral honetan, martxoak 24, manifestazioa deitu du GRIko Enpresa Batzordeak Zestoako plazatik hasita. Txosten teknikoaren azalpenak eta argudiaketak azaltzeko bilera izan ondoren, “Zestoako lantokiaren industria proiektua defendatzeko borrokarako garaia” dela esan du Enpresa Batzordeak. Duela aste batzuk zuzendaritzak enpresaren itxiera iragarri zuen, eta ordutik borrokan ari dira langileak.

Enpresa batzordeak salatu du, "gezurrak" eta "manipulazioa" izan direla erabakia azaltzeko zuzendaritzak erabilitako baliabideak, eta informe teknikoaren inguruan eman dizkieten azalpenak “alferrikakoak” direla. Horren aurrean, Enpresa Batzordeak “enpresaren baliabideetan sinesten” duela esan du, eta nahi izango balute, martxan jarraitzeko “aukera guztiak” dituela azpimarratu dute. Gainera, abisatu gabe bilerara ordezkaritzakoaz gain, Deloittekoak bertaratu direla esan dute, “langileei indefentsio egoera garbi batean utziz”.

Manifestazioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Zestoako plazan, eta Enpresa Batzordeak bertara gerturatzeko deia egin die herritarrei.