GRI Castings-eko Enpresa Batzordeak lanpostuen aldeko lehen mobilizazioak deitu ditu

Intza Trula 2023ko mar. 16a, 10:49
GRI Castings enpresa (GRI Castings).

Joan den astean enpresak lantegia itxi eta bertako 61 beharginak kaleratuko dituela iragarri zuen eta bihar, ostirala, egingo dute lehenengo mobilizazioa. Gizarteko kolektibo, instituzio eta kide guztiei zabaldu die gerturatzeko deia.

GRI Castings-eko Enpresa Batzordeak lanpostuen aldeko lehen mobilizazioak deitu ditu enpresak kaleratzeen berri eman zuenetik. Arroako Sansinenea industrialdean dago enpresa, eta bertan eolikoen sektorerako eta automoziorako piezak ekoizten dituzte. Ohar bidez jakinarazi zuen zuzendaritzak Gonvarri Taldearena den enpresaren itxiera, eta horrekin batera, bertako 61 langileen kanporatzea.

Hori dela eta, martxoaren 14an, Zumaian GRI Castings-en enplegu erregulazioko espedientearen lehen bilera egin zuten, eta bertan kontsulta-aldiko negoziazio-batzordea sortu zuten. Datorren bilera martxoaren 21ean egingo dute.

Mobilizazioei dagokienez, lehenengo elkarretaratzea ostiral honetan egingo dute, martxoaren 17an. Zumaiako bidesariko biribilgunea izango da, 13:30etik 14:30era, eta gizarteko kolektibo, instituzio eta kide guztiei gerturatzeko deia egin die.

Azkenik, Enpresa Batzordeak administrazio publikoak interpelatu nahi ditu, "gaian esku hartzeko eta GRI Castings-en industria-politika baten alde borrokatzeko".